}

Beroa giltzurruneko tumoreak suntsitzeko

2003/01/29 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Giltzurruneko tumore batzuk suntsitzeko, oso teknika baliagarria gertatzen ari da irrati-uhinen bidezko ablazioa. Tumorea deuseztatzeko, orratz eroale mehe-mehe bat sartzen da haraino eta, beroaren bidez, erre egiten da. Teknika aspaldian erabiltzen da bihotzeko arritmiak eta hezurretako tumore onbera mota bat tratatzeko. Giltzurruneko tumoreak suntsitzeko ere hainbat tokitan erabili da, baina esperimetal samarra da oraindik.

Toki horietako bat Massachusetts-eko ospitalea da. Han, hiru urte eta erdiz jarraipena egin diete tumoreak irrati-uhinen bidez erauzi zizkieten 34 gaixori eta oso emaitza onen berri eman dute Radiology aldizkariaren otsaileko zenbakian.

Gaixoek bat eta bederatzi zentimetro arteko tumoreak zituzten, 42 guztira, eta denak erauzi zizkieten irrati-uhinen bidez. Sendagileek giltzurrunen azalean zeuden tumore guztiak suntsitzea lortu zuten, tamaina edozein zela ere, baina lan gehiago izan zuten barrukoak suntsitzen. Kasu horien erdietan edo, tratamendu osagarriak behar izan zituzten. Hala ere, oso pozik daude emaitzekin, gaixo bati berari ere ez baitzaio tumorea berriz sortu eta oso konplikazio gutxi izan baitituzte.

Kontuan izan behar da teknika hori ebakuntzarik egiterik ez dagoen gaixoekin probatu dela, giltzurruneko tumoreak, normalean, ebakuntza bidez sendatzen baitira. Gaixoetako batzuek giltzurrun bakarra zuten eta beste batzuenek ez zuten behar bezala lan egiten, baina, hala ere, azken talde horretakoek ez dute dialisirik behar izan ablazioaren ondoren.

Arrakasta ikusita, saio gehiago egin dituzte Massachusetts-eko ospitalean, beste 30 gaixorekin, eta aurrekoak bezain emaitza onak lortu dituzte. Irrati-uhinen bidezko ablazioa ez da ebakuntza bezain inbaditzailea, beraz, ikerketek bide beretik segituz gero, agian etorkizunean ez du inork ebakuntzarik beharko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia