Beroa eta hotza automobilaren sabaitik
1992/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mazdak (1) aurkeztutako luxuzko automobil honek, lehen begirada batean ez du ezer arrarorik, gauza bat izan ezik: Sanyo-k (2) burututako sabai irekigarria, alegia.
Sabai hau siliziozko eguzki-zelulez osaturik dago. Zelula hauek, udan, automobilaren aireztapen-sistema elikatzen dute eta neguan bateria kargatzen dute.
![](images/A58014.jpg)
Sistema gobernatzen duena, automobilaren atzean dagoen tenperatur hargailua da. Bero handia egiten duenean bi haizagailu automatikoki abiarazten dira.
Automobilak aire egokituko sistemarik baldin badu ere, arestian aipatu sistemaz % 30 lehenago lortzen da aire freskoa. Gainera aireztapen-mota honek zigarro-keak, hautsak eta iragazketa-sistema klasikoak kendu ezin dituen beste elementu poluitzaileak kanporatu egiten ditu.
Eguraldia freskoa denean, barne-aireztapena ez da behar izaten. Orduan beste funtzio bat betetzen dute eguzki-zelulek, hots, bateria automatikoki kargatzen dute. Bateria batek adibidez bere ahalmenaren herena galdu badu, bost egun barru % 100eraino karga daiteke.
Oraindik, ezin da esan sabai berezi hau erabat merkaturatu denik; oso automobil gutxitan kokatu bait da. Ez dakigu sistema hau fabrikazio-katean produzituko den edo publizitate hutsa besterik ez den. Dena dela, irakurle, teknikaren bideak asmaezinak dira.
![](https://elia.eus/static/elhuyar/img/elia_RGB.png)
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia