}

Bernoulli, Daniel

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1700-1782)

Daniel Bernoulli Holandako Groninga hirian munduratu zen 1700.eko urtarrilaren 29an. Bere familia Anberestik Suitzako Basileara aterpe bila joana zen XVI. mendearen amaieran. Bernoullitarrak Suitzan matematikari eta fisikari famatuak ziren. Danielen Jakob osaba Newton eta Leibniz-en garaiko matematikari izan zen, oso ona gainera. Johann aitak ere fama handia lortua zuen eta Groningan irakasle zegoela jaio zen Daniel.

Danielen aitak eta osabak kalkulu matematikoari aplikazio berriak aurkitu zizkioten, baina horiez gain beste bi anaia, lehengusu bat eta bi iloba ere izan zituen matematikari edo zientzilari.

Dena den, 1705ean Daniel eta bere familia Suitzara itzuli ziren berriro. Han medikuntza eta matematikak ikasi zituen.

1724. urtean Venezian Excercitationes mathematicaes lana idatzi zuen, Ricatti-ren ekuazioa aldagaiak bereizita ebatziz. Orduan bere anaia Nikolasekin batera San Petersburgeko Akademian lan egin zuen (1725-1733) eta elastikotasun-teoriaz nahiz hidrodinamikaz oinarrizko ikerketak egin zituen.

1733an Suitzara itzuli eta Basilean botanika, anatomia eta filosofia naturala irakatsi zituen. 1738.ean bere Hydrodynamica izeneko lan nagusia argitaratu zuen. Fluidoen abiadura azkartzean presioa jaitsi egiten zela frogatu zuelako, Bernoulliren Printzipio deitzen zaio.

Laborategietan hutsa lortzeko erabiltzen da, ontzi bati ura azkar igarotzen deneko tutua edo sifoia konektatuz.

Bernoullik planteatu zuen lehenbizi gasek tenperatura eta presioa aldatuz zuten portaeraren arazoa. Boyle, Mariotte eta Amontons-ek aldaketa horiek ikusiak zituzten, baina esplikazioa emateko gauza ez ziren izan.

Bernoullik gasak partikula txiki ugariz osatuta zeudela kontsideratu eta arazoa alderdi matematikotik fokatu zuen. Pascal eta Fermat-en probabilitate-kalkulua aplikatuz, emaitza onargarriak lortu zituen, nahiz eta erabilitako metodoak oso zorrotzak izan ez.

Garai hartako zientzilariek Bernoulliren lanari jaramon handiagoa egin baliote, atomismoaren bidean aurrerapenak lehenago hedatuko ziratekeen.

Danielek bestetik, Euler eta D'Alembert-ekin batera hari bibrakorren arazoan parte hartu zuen, baina horrez gain medikuntzaz ere lanak idatzi zituen.

Basilean hil zen 1782.eko martxoaren 17an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia