}

Berezko abortuak iragartzeko markatzaileei buruzko lan batek irabazi du Basque Research web gunearen VI. Tesi Saria

2008/06/16 Lopez Viña, Rakel - Marketin sailaElhuyar Fundazioa

Elhuyar Fundazioak, Basque Research web gunearen bitartez, VI. Tesi Saria antolatu du, eta gaur goizean jakinarazi ditu epaimahaiak aurtengo irabazleen izenak. Edizio honetan, Nafarroako Unibertsitateko Estibaliz Alegre ikertzaileak jaso du lehenengo saria, La molécula HLA-G como marcador de aborto espontáneo (HLA-G molekula, berezko abortuaren markatzaile) lanarengatik.
Estibaliz Alegre (ezkerrean) eta Carolina Cebrián, Tesi sarien irabazlea eta bigarrena (Argazkia: R. Lopez).

Estibaliz Alegre biokimikaria berezko abortuei buruz ikertu du doktorego-tesian. Zehazki, berezko abortua izateko arriskua identifikatzen lagundu dezakeen markatzaile bat aurkitzen saiatu da. Laburpena irakurterraza eta ulergarria izateaz gain, gaia ondo kokatzen du ikertzaileak. Hasieratik ikerketaren muinera doa, eta horixe izan da epaimahaiak lan honi lehenengo saria emateko eman duen arrazoietako bat. Laburpen honengatik, ordenagailu eramangarri bat eta asteburu bateko egonaldi bat jaso ditu Alegrek, Sistek Informatika y Microsistemas eta Nekatur elkartearen laguntzari esker.

Bigarren saria unibertsitate bereko Carolina Cebrián ikertzailearentzat izan da, Implicaciones en la ramificación axónica en el Parkinson (Axoien adarkatzearen ondorioak Parkinsonean) izeneko lanarengatik. Orain arte egindako ikerketen arabera, neuronen axoiak (isatsak) garuneko gune bakarrera heltzen dira. Cebrián-ek, aldiz, honako hipotesi hau proposatu du: neuronen axoiak adarkatu egin daitezke, eta, hala, gai dira aldi berean hainbat guneren jarduera moldatzeko. Horrek azalduko lituzke orain arte azalpenik ez duten Parkinsonaren ondorioetako batzuk. Gainera, badirudi axoirik adarkatuenak dituzten neuronak direla aukera gehien dutenak kaltetuak izateko Parkinsonean. Tesi honen inguruan, epaimahaiak nabarmendu du ulergarria eta atsegina dela irakurketa. Hala ere, sarrera tesiaren muinarekiko orokorregia edo urrunekoa jo du. Laburpen honi esker bigarren postua lortu du Carolina Cebrián-ek, eta argazki-kamera digital bat eta asteburu bateko egonaldia irabazi ditu, Eroski Kooperatiba Elkartearen eta Nekaturren babesletzari esker.

Azkenik, euskarazko aipamen berezia Euskal Herriko Unibertsitatera joan da, Adam Zawiszewski hizkuntzalariaren eskuetara, hain zuzen ere. Ikertzaile honek Garunaren alderdi ezkutuak deskubritzen: kasua eta komunztadura neuroirudietan izeneko lana aurkeztu du.

Jaiotzetiko euskaldunen eta euskara 1-3 urte bitartean ikasi dutenen garunek ez diete berdin-berdin erantzuten hizkuntza akatsei
Irudia: EHU

Lan horretan, euskara eta, oro har, edozein hizkuntza prozesatzen dugunean gure garunean zer gertatzen den ikertu du. Zawiszewskik bere doktore-tesian ondorioztatu duenez, hiztuna hizkuntza batez zer adinetan jabetu den, akats-mota batzuk edo beste batzuk sumatzen ditu garunak. Kasu honetan, testuaren zuzentasuna eta adibideen erabilera argigarria nabarmendu ditu epaimahaiak, nahiz eta terminologia zenbaitetan azalpenik gabe ere agertzen den testuan. Lan honi esker, MP4 bat eta EAEko landetxe batean asteburu bat igarotzeko txartela irabazi ditu, Eroski Kooperatiba Elkartearen eta Nekatur elkartearen eskutik.

Aurten, 38 lan aurkeztu dira guztira sariketara: Euskal Herriko Unibertsitateko hogeita lau lan, Nafarroako Unibertsitateko hamar eta Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko bina lan. Saritutako lan horiek eta parte hartu duten gainerakoenak Basque Research web gunean daude ikusgai.

Tesi Sariari buruz

Elhuyar Fundazioak Basque Research web gunearen bidez antolatzen du sariketa hau, eta helburua da doktore-tesien laburpenak modu erakargarri eta ulergarrian gizarteratzea, hau da, ikerketa dibulgatzea; hori dela eta, "epaimahaiak ez du tesia bera epaitzen, egilearen dibulgazio-ahalmena baizik". Epaimahaia bost pertsonak osatu dute, guztiak zientzia- edo teknologia-ikasketak egindakoak eta dibulgazioan adituak. Epaimahaiak irizpide hauek izan ditu kontuan lanak ebaluatzeko garaian: laburtzeko ahalmena, azalpenen zuzentasuna eta erakargarritasuna, irakurtzeko erraztasuna, ideien transmisioa, gaiak dibulgatzeko duen zailtasuna, izenburua eta abar.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia