}

Bereiztu eta imitatu, kontrol-gune beretik

2014/03/05 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bereiztu-eta-imitatu-kontrol-gune-beretik
Papilio polytes tximeleta imitatzailearen ale bat. Pachliopta aristolochiae tximeletaren hegoetako patroia imitatzen du ale honek. Arg. Khew Sin Khoo

Papilio generoko tximeletak imitatzaileak dira. Tximeleta toxikoen hegoetako patroiak imitatzeko gai dira, eta, horrela, harrapariak uxatzen dituzte, berez toxikoak ez diren arren. Gaitasun hori ez dute tximeleta guztiek, ordea. Papilio polytes espeziaren kasua muturrekoa da: tximeleta emeak bakarrik dira imitatzaileak; ez denak, eta, gainera, denek ez dute patroi bera imitatzen, baina arrak ez dira imitatzaileak.

Indiako Tata Institutuko ikertzaile batek zuzendutako nazioarteko talde batek tximeleta horiek ikertu ditu, ikusteko zer mekanismo genetiko eta erregulatzaile egon daitezkeen ezaugarri horien atzean, eta ikusi dute dimorfismo sexualari lotutako gene bat dela erantzulea: doublesex genea. Oso gene ezaguna eta ikertua da, izan ere, zelula somatikoen bereizketa sexuala erregulatzen du intsektuetan (Drosophila melanogaster fruta-eulian) desberdin espresatuz arretan eta emeetan. Papilio polytes tximeletan kasuan, funtzio erregulatzaile horretaz gain, hegoetan zer patroi garatuko den ere erregulatzen du gene horrek berak.

Gene bakarraz osatutako supergenea

Ikerketaren emaitzak Nature aldizkarian argitaratu dituzte, "Doublesex is a mimicry supergene" izenburupean (Doublesex imitazioaren supergene bat da). Ikertzaileek bi alderdi nabarmendu dituzte egindako lanetik. Batetik, gene bakar bat izatea tximeletan hegoetan patroi bat edo beste bat sortzearen aktibatzailea. Izan ere, beste hipotesi batek dio oso hertsi erlazionatutako gene multzoek erregulatzen dituztela halako ezaugarriak: “supergene” esaten zaie, hautespen naturalaren aurrean, multzo osoak unitate bakar gisa jokatuko lukeelako. Kasu honetan, ordea, gene bakarrak betetzen du supergenearen rola.

Bestetik, ohartarazi dute tentagarria izan daitekeen arren iragartzea sexu bereizketaren bide molekularra behin baino gehiagotan faboratu duela hautespen naturalak, horren bidez erregulatzeko hegoetako patroi berezituak eta halako fenomeno polimorfikoak (sexu dimorfismoa bideratzeko aurrekonfiguratuta baitago bide hori), ez dela hori kasua. Adibidez, Papilio glaucus tximeleta-espeziaren kasuan, sexu-kromosometako aldaerak dira emeek dituzten ezaugarri mimetikoen erantzuleak.

Papilio polytes tximeleta-espezian emeak bakarrik dira imitatzaileak. Irudian ar eta eme ez imitatzaileak ezkerrean, eta, eskuinean, eme imitatzaileak (hiru forma) eta imitatutako ereduak. Arg. Nature aldizkaritik hartua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia