Bere buruaren kalteei aurre egiten dien robota

Bere gorputzaren morfologia ezagutzen duen lau hankako robot bat diseinatu dute New Yorkeko Cornell Unibertsitatean. Gai da bere gorputzak jasaten dituen kalteak hauteman eta bere mugimendu-eredua moldatzeko.

Animaliek mina hartzen dutenean, mugimenduak aldatzen dituzte egoera berrira egokitzeko; baina makinak eta robotak ezustean hondatuz gero, ez dira gai modu egokian erantzuteko. Robot hau bai, ordea. Adibidez, hanka bat hausten bazaio, robotak ibiltzeko modua aldatuz erantzuten du.

Hanketan sentsoreak jarri dizkiote bere buruaren mugimendua eta ingurua aztertu ahal izateko. Informazio horretaz baliatuta, bere gorputzaren eredu birtuala egiten du, eta horri esker, robota gai da momentu oro egingo duen mugimendua planifikatzeko: robotaren barne-mekanismoak 16 mugimendu posible simulatzen ditu bere burua eta ingurua aztertuta, eta denetatik egokiena zein den erabakitzen du mugitu aurretik.

Ikertzailearen web gunean argazki gehiago eta bideoak ikus daitezke.

Argazkia: Science

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali