Benetako stradivarius-a
2001/11/20 Elhuyar Zientzia
Antonio Stradivarik (1644-1737) egindako biolinek ospe berezia dutenez, garrantzitsua da haien benetakotasuna frogatzea. Izan ere, biolinak behin baino gehiagotan izan dira iruzur-gai, eta beste edozein biolingilek egindako instrumentua garestiago saldu dute berari egotzita.
Orain, aditu talde bat, Arkansasko Unibertsitateko ikertzaile bat buru dela, dendrokronologiaz baliatu da Mesias izeneko biolinaren jatorria zehazteko. Biolin hori Stradivarik egina zela uste zen orain dela lau urte arte. Orduan bi ikertzaileren arteko eztabaida piztu zen: biolingile britainiar batek, Mesias-en zuraren eraztunak aztertuta, 1680 urtearen inguruan egin zela esan zuen. Zuhaitzen eraztunen neurketan aditu alemaniar batek, aldiz, XVIII. mendeko 30. hamarkadako bukaerakoa zela adierazi zuen, eta beraz, ez zela benetako stradivarius-a. Ikertzaile alemaniarrak, bere azterketan biolinaren argazkietan oinarritu bazen ere, zalantzarako bidea ireki zuen.
Egiazkotasuna frogatzeko, Amerikako Biolin Elkarteko lehendakariak Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetako adituen laguntza eskatu zuen. Horiek mikroskopio bereziak erabili zituzten biolinaren zuraren eraztunak zehatz-mehatz neurtzeko. Horrela, biolinaren aurrealdeko zura Europako hegoaldeko izei gorriarena zela ikusi zuten. Gainera, alde batetik, Alpe austriar, italiar, alemaniar eta frantziarreko izei gorrien eraztunekin alderatu zuten biolinaren zura. Bestetik, Archinto izeneko benetako stradivarius-aren zurarekin ere alderatu zuten.
Archinto 1696an egindakoa da eta Mesias-ek baino eraztun gehiago ditu (batak 109 eraztun ditu eta besteak 159). Beraz, Mesias zaharragoa dela egiaztatu dute, hain zuzen ere, 1686 ingurukoa; hau da, Stradivari artean bizirik zela egin zutela jakin dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia