}

Belarrietatik iristen zaigun poluzioa

2000/04/16 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Zenbaiten arabera entzun nahi ez dugun soinua da zarata. Bien arteko muga txikia da ordea, bakoitzaren araberakoa askotan. Edonola ere, zarata da bizitza modernoak eragin dituen poluzio-iturrietan XX. mende honetan gehien zabaldu denetako bat. Baina zarata nonahi dago, lotan gaudela ere soinua ateratzen baitugu.

Ilaran geldituta dauden autoen tutuak, zaborra jasotzen duen kamioia, espaloia konpontzeko erabiltzen ari diren zulatzeko makina, lur hartzera doan hegazkina, leihopetik igarotzen den motoa, nork ez du inoiz krisialdi txikiren bat izan halako zaratagatik? Izan ere, zarata ez da entzun nahi ez dugun soinua soilik, gizakiari kalte eragiten dion soinua ere bada. Entzumen-galera, odol-presio altuak, estresa, lo egiteko arazoak, kontzentratzeko eta lan egiteko zailtasunak eta, oro har, bizi-kalitatearen galera eta patxadan egoteko ezintasuna dira zaratak gizakioi eragiten dizkigun kalterik aipagarrienak.

Ikusten ez dugun arren, beraz, ondo nabaritzen dugun indarra da soinua, eta zarata eta soinuaren arteko muga subjektiboa izan arren, horien intentsitatea arautuko duten legeak behar beharrezkoak dira gaur egun.

Arau ugari eta emaitza gutxi

Europako Batzordeak Zarataren Liburu Berdea aurkeztu zuen 1996ean eta, bertan, Elkargoko ingurugiro-arazo nagusietakoen artean kokatu zuen zarata. Hala ere, atmosferako poluzioaren aurka edo ur-arazoen aurka borrokatzeko baino diru eta indar gutxiago erabili du geroztik alor honetan. Azken urteetan zarata-poluzioaren iturriak identifikatu egin dira, baina lege eta arauak adostu eta onartzen joan zaizkigu urteak: ibilgailuek eta kalean erabiltzen diren lan-tresnek (belarra mozteko makinek, esaterako) sortutako soinua kontrolatzeko arauak finkatu dira, eta merkaturatu diren produktu berriek ezarritako zarata-mugak betetzen zituztela frogatuko zuten ziurtagiri eta homologazio-prozedurak ezarri dira. Baina hartutako neurriek emaitza nahiko mugatuak izan dituzte eta, horregatik, herri-mailako konponbideak indartuz, zarataren kontrako ekimenak gehiago bultzatu nahi izan ditu Europako Batzordeak.

Espainiako Estatuan babes txikiagoa daukate zarataren menpean bizi direnek, poluzio-iturri hau arautzen duen lege zehatzik ez baitago. Zaratari jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak erregulatzen dituen araudiaren bidez egin dakioke aurka, nahiz eta legeak gogaikarri edo kaltegarri hitzen interpretazio subjetiborako tarte zabalegia utzi. Hala ere, 90eko hamarkadan ibilgailuek sortutako zarata edota etxeek bete beharreko baldintza akustikoak arautzeko administrazio-legeak indarrean jarri dira. Euskal autonomi Elkargoan ere hasi dira zarataren aurkako borrokan, gauean ateratzea atsegin dutenak ohartuko zirenez; izan ere, jatetxe eta tabernak ixteko ordutegi berriak borroka horren parte baitira. Asko dago ordea egiteke, eta ez soilik agintea dutenen aldetik. Azken finean, zarata guztiok sortzen dugun poluzioa da eta, batez ere, guztioi eragiten diguna.

Eragin fisiko eta psikologikoak

Zarataren eraginak hiru taldetan bana daitezke: eragin fisiologikoak, hala nola entzumen-galera, belarriko mina edo muskuluak kontrolatzeko zailtasunak; eragin psikologikoak, loaldian batez ere, hau da, zaratak loa eten edo behar bezala atseden hartzen uzten ez digunean gertatzen direnak. Azkenik, ingurukoekin ditugun komunikazioetan interferentziak sor ditzake zaratak. Saia zaitez bestela hegazkina lur hartzen ari dela aldamenekoarekin hitz egiten!

Tarteka gutxiago entzuten dugula iruditzen bazaigu edo belarriak txistuka hasten bazaizkigu, gehiegizko soinupean bizi garenaren seinale izan liteke, horiek baitira belarriek bidalitako larrialdi-oharrak. Musika oso altu dagoen diskotekatik irtetean askotan nabaritzen ditugu aipatutako bi sintomak. Behin-behineko entzumen-galera sufritzen dugula egiaztatzeko, ordea, entzumen-proba egin beharko dugu. Hala ere, eta zaratari ihes egiteko modurik ez badaukazu, kontutan hartu honako aholkua: egunean bi orduz 100 dezibeleko soinua entzun beharrean bazaude, ondorengo 22 orduetan 90 dezibeletik beherako soinua dagoen lekuetan ibili, belarria osatu dadin. Normalean, galdutako entzumena 12 edo 14 orduren buruan berreskuratzen da, nahiz eta pertsonaren eta osatze-denborak zarataren iraupenaren araberakoak diren. Baina denboraldi horretan berreskuratzen ez dena, betirako galtzen da eta, halako galerak, bata besteari gehitzen zaizkio, gainera.

Belarrietako burrunba entzumen-organoa ondo ez dabilenaren seinalea da. Zaratak kaltetutako jendeak burrunba horrekin bizitzen ikasi behar izaten du, medikuek ezer gutxi egin baitezakete enbarazu horren kontra. Nahi duena entzun ezin eta nahi ez duena entzun behar, hori da hori patu txarra!

Zaratak maiztasun handiko soinuak prozesatzen diren belarriko gunea kaltetu ohi du eta behin betiko entzumen-galera pairatzen dutenek honako arazoak izaten dituzte:

  • Norbait hizketan ari dela entzuten dute, baina ez dira hitzak ulertzeko gai.
  • Soinu-iturria identifikatzeko zailtasunak dituzte.
  • Hizlarien inguruan soinu handia badago, hizlarien ahotsak bereizteko zailtasunak izango ditu eta bereizi ezin dituenez, bat bera ere ez du entzungo. Taldeko elkarrizketak penitentzia bihurtzen dira.
  • Paradoxa dirudien arren, oso ozenak diren hotsekiko sentikorragoak izan ohi dira; hau da, oso baju hitz egiten denean ez dute entzuten, baina ozenegi hitz egiten bada, entzumen normaleko pertsonek baino eragozpen handiagoak izaten dituzte.

Zarata-poluzioaren eragin psikologikoak neurtzen zailagoak dira, baina izan badira. Depresioak eta urduritasunak belarria zaratara egokitzeko gai ez delako sor daitezke; izan ere, begiek ez bezala, belarriek ez dute soinura egokitzeko mekanismo berezirik. Belarria soinura egokitu ordez jarrera da soinura egokitu nahi izaten dutena, baina jarrera eta gorputza ez datoz askotan bat. Horregatik, nahiz eta hartutako jarrera zarata jasateko gai izan, gorputza gauza berbera egiteko gai ez bada, nahi gabeko frustrazioak gerta daitezke. Eta hain muturrera jo gabe ere, loa da zaratak gehien eragozten duen funtzioa. Zarataren erruz lorik ezin eginda ibiltzen dira batzuk edo azaleko lo-kuluxka egiten dute besteek. Eta lo gutxi eginda ibiltzen denak, urduritasun-arazoak, kontzentratzeko zailtasunak eta haserretzeko erraztasuna izan ohi ditu

. TAULAK Soinuaren intentsitate-taulak

Intentsitatea (dezibeletan)

Adibidea

Intentsitatea (dezibeletan)

Egunean jasan daitekeena

140

Hurbileko sirena-hotsa (minaren atalasea)

90

8 ordu

135

Lurreratzen ari den hegazkina, anplifikatutako musika

95

4 ordu

120

Zerra elektrikoa, elurretako motoak

100

2 ordu

100

Traktorea, landetxeetako ekipoak

105

60 minutu

90

Kaltegarritasunaren atalasea (maila honetatik gora entzumen-galerak izan daitezke)

110

30 minutu

85

Soinutik babestutako traktore-kabinaren barnealdea

115

15 minutu edo gutxiago

75

Hauts-garbigailua, irratia

60

Elkarrizketa normala

45

Hostoen xuxurla, musika baxua

30

Ahopeko elkarrizketa

15

Entzumenaren behe-muga

0

Entzumen zorrotzaren behe-muga, soinurik ahulenak

Landetxeetan zarata handiegia dago

Zaratak sortutako poluzioa ez dago hiri handiei eta trafikoari bakarrik lotuta. Entzumenari kalte egiten dioten lanbide guztietan, landetxeetako langileak dira entzumena gehien galtzen dutenak; izan ere, traktore, uzta-makina, zorroztaileak, eskopeta, uhal garraiatzaileak, labore-lehorgailuek eta abarrek zarata handia egiten baitute, eta kontrolik ezean, entzumen-galera iraunkorrak jasan ditzakete langileok.

Nekazaritzan erabiltzen diren makinek sortutako zarata moteltzeko makinak egokitzea da konponbiderik usuena (praktikoki eta ekonomikoki bideragarria denean), zarataren iturriari erasotzen baitzaio horrela.

Hartu beharreko neurri hauek, sinpleak dira askotan: erabilerak hondatutako edo higatutako piezak ordezkatuz, bibrazioak murritz daitezke; makinaren atal desberdinak ongi olioztatuta daudela ziurtatuz marruskadurak sortutako zarata asko jaisten da; motorea duen edozein ekipotan aire-korronteek eragindako zarata kontrolatzeko isilgailuak ipini; eta neurri hauek nahikoa ez badira (eta nahikoa izanda ere) langilea makinaren zaratatik babesteko bitartekoak ipini, traktoreetan zarata kalean utziko duten kabinak diseinatuz. Baina traktoreek sortzen duten zarata motelduta ere, langileak gortuko dituzten beste hainbat nekazaritza-tresna daude oraindik egokitzeke (zuritzeko makinak, zerealentzako lehorgailuak edo uzta-makinak, esaterako), eta makina horiek sortutako zarata murrizterik ez balego, lanorduak egokitzea litzateke beste konponbidea. Zarata handiko lanetan ordu gutxiago emanez, langileen belarriek kalte txikiagoa pairatuko lukete. Esaterako, 95 dezibeleko zarata ateratzen duen traktorearekin lau orduz egin daiteke lan. Norbera babesteko tapoiak erabiltzea da azken alternatiba. Kasu honetan belarrietan sartzen diren tapoiak baino egokiagoak dira belarriaren kontra estutzen direnak, zarata gehiago moteltzen baitute eta garbiagoak baitira.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia