Belarri misteriotsuak
1994/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hubble teleskopioa espazioan konpondu zutenez gero, irudi harrigarriak ari da bidaltzen. Horietako bat da 1987 A supernoba izeneko izarrari atera diona. Izan ere, izarrak bere erdigunearen inguruan bi zirkulu edo “belarri” handi eta simetriko dituela erakusten baitu.
1987.eko otsailean, Magallaesen Hodei Handian bapatean oso orban distiratsua agertu zen; orain dela 170.000 urte (argiak honaino etortzen denboraldi hori behar izan du) lehertutako supernobaren argia, zalantzarik gabe. Harez gero astronomoek ez diote begirik kendu, eta distira moteldu egin zaio. Eztandan jaurtitako gas-esfera azaldu zitzaion (irudiko erdigunea inguratzen duen esfera), eta hori guztia supernobaren garapen logikotzat hartu izan da.
Hubble-k aurkitutako belarriak ordea, misteriotsuak dira. Izan ere, bi gas-esfera berri hauek zer dela eta sortu diren ez baitago erraz argitzerik. Christopher Burrows ikerlari iparramerikarrak iradoki duenez, bi “belarri” horiek 1987 A izenekoa baino lehenagoko beste supernoba baten eztandak eragindakoak izan daitezke eta agian neutroi-izarra erdiko argi-puntua izan daiteke (irudiko puntu distiratsuenaren gainekoa). Supernoba lehertu denean ondoan zegoen beste izar baten arrastoak ere izan daitezke.
Nolanahi ere, bi belarrien simetria perfektua eta jatorria frogatzen dituen azken hitza zientzilariek oraindik ez dute esan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia