}

Beira, solidoa izanik, zergatik da gardena?

2000/10/04 Elhuyar Zientzia

Likido eta gas gehienak gardenak dira; solidoak, ordea, ez. Gauzen hiru egoera horien arteko desberdintasuna euren molekulen arteko loturetan datza.

Gauzak solido direnean molekulak oso ordenatuak izaten dituzte eta argiari oso gaitza zaio euren artetik pasatzea, hots, solidoaren alde batetik bestera pasatzea. Likidoetan molekulen arteko loturak ahulagoak dira eta ez daude guztiz ordenatuta, eta, beraz, argia pasa daiteke alde batetik bestera. Horregatik dira likido gehienak gardenak, edo gutxienez zeharrargitsuak. Azkenik gasen molekulen arteko loturak oso ahulak dira, erabat modu aleatorioan antolatuta daude eta argia erraz pasatzen da alde batetik bestera.

Beira moduko kristalak naturan ere badauden arren, beira gizakiak egindako gauza da. Horretarako silizetan aberatsa den hondarra hartu, urtu arte berotu eta ondoren hozten uzten da. Emaitza gauza solidoa da, molekulen arteko loturak sendoak dituena, baina molekulak oso desordenatuta dituena. Hain ditu desordenatuak euren artetik argia ere pasatzen dela.

Maila subatomikoan ere beirak baldintza batzuk bete behar ditu gardena izan dadin. Hau da, molekulen elektroiek ezin dute fotoiak harrapatzeko moduan egon. Antzeko prozesua erabiltzen da plastiko garden edo zeharrargitsuak egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia