}

Behiaren eta txakurraren genoma argitzeko zain

2002/09/16 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Borroka latza izan da, eta hiruk izan dute irabazle izateko ohorea: behiak, txakurrak eta Oxytricha trifallax zelulabakarrak. Hiru izaki horien genomak izango dira argituko direnak gizakiaren eta arratoiaren genomaren proiektuak bukatutakoan.

AEBetako Giza Genoma Ikertzeko Institutu Nazionalak plazaratu du erabakia, hautagai guztiak aztertu ondoren. Zerrendan sartu izanak ez du genomak aztertuko direla ziurtatzen, baina lehentasuna emango zaiela adierazten du. Aukeraketa egiterako orduan institutuko zientzialariek izaki horren genomak aztertzeak ekar ditzakeen aurrerakuntza zientifikoak aztertu dituzte, eta hiru izaki horiek aukeratzeko arrazoiak oso ezberdinak izan dira.

Txakurraren kasuan, gaixotasunen azterketa jarri da arrazoi nagusitzat. Txakurrek gizakiek dituzten gaixotasun asko izaten dituzte; bihotzeko gaitzak, minbiziak, gorreria edo narkolepsia, esaterako. Horregatik, txakurraren genoma ezagutuz gaitz horien jatorria eta mekanismoak hobeto ulertzea lor daitekeela uste dute zientzialariek.

Gauza bera gertatzen da behiarekin ere. Laborategiko ohiko animalia ez dirudien arren, tuberkulosia aztertzeko animaliarik egokiena dela diote zientzialariek, eta, beste maila batean, haren genoma ezagutzeak koipe gutxiago duen okela goxoagoa sortzen lagunduko omen du.

Oxytricha trifallax zelulabakarra, berriz, bere genomaren berezitasun batengatik da aztergai egokia. Organismo zelulabakarra bada ere, arratoi batek adina gene ditu genoman – 30.000 gutxi gorabehera -. Hainbeste gene hain toki txikian sartzeko mekanismoa ezagutzea garrantzitsua dela diote zientzialariek, gero gizakietan nola gertatzen den jakiteko.

Hala ere, hiru izaki horiek ez dira zerrendan dauden bakarrak. Horietaz gain, oiloa, txinpantzea, erlea, itsas trikua, Tetrahymena ornogabea eta 15 onddo-espezie daude beren genoma nork aztertuko duen zain. Bestalde, zerrendara sartzeko beste hainbat izaki aurkeztu dituzte jada, txerria, katua eta Rhesus makakoa, esaterako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia