}

Behi preziatuak eta genetikoki eraldatutako eltxoak prebentziorako

2001/10/07 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Orain arte DDT intsektizida erabili izan da loaren gaixotasuna eta malaria transmititzen zituzten euliei aurre egiteko. Merkea eta luzaz oso eraginkorra izan intsektizida horrek, ordea, baditu bi desabantaila nagusi. Alde batetik, intsektuak erresistente egin dira eta, bestetik, benetan poluitzaile handia dela ikusi da. Aurrerantzean bi euli mota horiek behi artifizial erakargarriak eta genetikoki eraldatutako euliak izango dituzte etsai nagusitzat.

Euli nazkagarriak jasan beharra uda parteko kontua besterik ez da izaten negu hotzetako herrialdeetan. Afrikan, berriz, euliak urte osoan izaten dira gogaikarriak, baina, egia esan, eulien ziztadaren ondorengo azkuragatik, behintzat, ez litzateke gai hau aipatu ere egingo. Beraz, jo dezagun harira. Tse-tse eta Anopheles gambiae eulien kaltea ez da azaleko pikor soilera mugatzen. Tse-tse euliak loaren gaixotasuna transmititzen du, eta bigarrenak malaria. Hortaz, lehenbailehen irtenbide eraginkor, merke eta bideragarriak aztertu beharra dago.

Anopheles gambiae , malaria transmititzen duen eltxoa.
Elhuyar

Loaren gaixotasuna gizakiok eta lau hankako animaliek pairatzen dute. Animaliei dagokienez, urtean 46 milioi kutsatu eta horietatik 3 milioi hiltzen direla kalkulatzen da. Hortaz, Afrikako herrialde txiroetako azienda behar adina ez garatzearen erantzule da. Gizakiei dagokienez, berriz, Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, loaren gaixotasunak 36 herrialdetan, urtero, 60 milioi pertsona kutsatzeko arriskuan dago.

Gainera, 20.000-50.000 kasu berri agertzen da urtero, eta horietatik % 2-3 hil egiten dira. Dena dela, tratamendurik ezean gaixotasunak heriotza eragiten duela jakinik, OMEk deklaratzen diren baino kasu gehiago dagoela uste du. Azken mendean loaren gaixotasunaren hiru epidemia handi pairatu ditu Afrikak; azkena, 1970an hasi zen eta oraindik ere hor segitzen du.

Malariaren kaltea ez da inondik inora txikiagoa. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, urtero 400 milioi pertsonak harrapatzen du malaria, eta nahiz eta gaixotasunak sendabidea izan, bi milioi pertsona inguru hiltzen ditu urtero. Munduko biztanleen % 40 dago kutsatzeko arriskuan, eta gaixotzen diren hamar pertsonetatik bederatzi Saharatik hegoaldeko Afrikan bizi dira. Malariaren biktima ohikoenak 5 urtetik beherako haurrak dira. Egunero 3.000 bat haur hiltzen da malariaz.

Behi artifizialak tse-tse euliaren aurka

Zimbabwen gehien ikusten diren behiak ez dira egiazkoak, ez dira behi formakoak ezta horien kolorekoak ere. Herrialdeko bazter guztietan topa daitezkeen behi artifizial hauek, hala ere, badute egiazko behiekin zerikusirik; usain bera darie eta, hain justu ere, usain horrek erakartzen du loaren gaixotasuna eta nagana kutsatzen dituen tse-tse eulia. Baina erakartzea ez da nahikoa, eulia hil ere egin behar da, eta, horretarako, behiak intsektizidaz trenpatzen dituzte.

Sistema ez da berria. 1980ko hamarkadan garatu zuen ikertzaile talde batek. Behi artifizialek substantzia kimikoen nahaste bati esker erakartzen dituzte euliak. Pagotxa baten aurrean dauden uste osoarekin jotzen dute zuzenean behiari koska egitera, eta, ohartu orduko, hegalak intsektizidaz bustitzen zaizkie.

Euli eta eltxoak harrapatzeko sistemak, ugari garatu arren, ez dira oso eraginkorrak suertatu.
Elhuyar

"Tranpa bakoitzak 25 dolar balio du, hau da, gutxi gorabehera 27 euro" dio Stephen Torr, Greenwich-eko unibertsitateko irakasleak. Erabateko eraginkortasuna lortzeko metro karratu bakoitzean lau behi jarri behar direla jakinik, metro karratuko gastua 100 dolarrera emendatzen da. Baina hori kokatze-fasea bakarrik da. Gero bistan denez, egiturak zaindu eta behar adina intsektizida banatu behar da, eta, horretan ere, beste hainbeste diru gastatzen da. Zimbabwen, azken fase hori albaitaritza zerbitzuak ziurtatzen du. Baina behi artifizialetan lanean diharduen doktore britaniarraren arabera, Kenya bezalako herrialdeetan mantentze-lana bertako biztanleek egiten dute eta, horrela, gastuak nabarmen gutxitzen dituzte".

Gastuak nahiko handiak izan arren Zimbabwek teknologia horren aldeko apustua duela hamabost bat urte egin zuen. Gaur egun, 60.000 behi artifizial daude herrialde osoan barreiatuta, eta emaitza itxaropentsuak ere jaso dituzte. Azken bost urteetan nagana, animalien loaren gaixotasuna, ia desagertu da. Gainera, Zambian, Etiopian eta Kenyan ere antzeko emaitzak lortu dituztela adierazi du Stephen Torrek. Emaitza onak izatea aurrerapauso handia da Afrikako herrialde horientzat, hasiera batean gastu handiak suposatu bazituen ere, azkenean, osasun- mailan ez ezik, diru aldetik ere irabazten atera baitira.

Hortaz, behiek, Bilbokoak bezala apaingarri gisa ez bada ere, Afrikan ere etorkizun ederra izango dute ziur aski. Hala ere, dena ezin perfektua izan, eta ikertzaileek ohartarazi dutenez, Afrikako mendebaldeko herrialdeetako tse-tse euliak ez dira tranpan erotzen. Ikusi egin behar usaina bereizteko gai diren, edo behiaren formak zerikusia duen.

Genetikoki eraldatutako malariaren eltxoa

Malariaren biktima gehinak bost urte beherako haurrak dia.
Elhuyar

Malaria eragiten duen Plasmodium bizkarroia garraiatzen duen eltxoak ere, laster batean, izan beharko luke horren antz handia izango duen etsaia. Izan ere, hainbeste heriotzek bultzaturik, zientzialariak eltxoa behin betiko akabatzeko irtenbide bila ibili dira, eta badirudi genetikari esker bide onetik dabiltzala.

Ohioko Jacobs-Lorena ikertzaileak Plasmodium bizkarroiari ugaltzea eta alde batetik bestera ibiltzea galarazten dion genea atzeman du. Geneak eltxoaren heste eta listu guruinetako errezeptorea blokeatzen du. Hain justu ere, errezeptore horretaz baliatzen da bizkarroia ugaltzeko eta garraiatzeko. Plasmodium bizkarroiak ugaltzeko ahalmena % 85-90 bitartean galtzen du, eta, horrela, nahiz bizkarroia eltxoan sartu, eltxoak koska egindako biktimen erdiak ez du gaixotasuna garatzen.

Dena dela, ikerketa guzti horiek oso berriak dira eta, oraindik, laborategian soilik erabiltzen dira genetikoki eraldatutako eltxoak. Gainera, malariari aurre egiteko traba anitz gainditu behar direla ohartarazten dute eszeptikoek. Lehenik, eltxo berriak askatzeak ez duela kalterik eragingo sinistu behar du jendeak eta, bestalde, eltxo berriak askatuta gerta ez daitezkeen ondorio ekologikoak zehaztu behar dira.

DDTa eraginkorra baino kaltegarria suertatu da


DDT (diklorodifeniltrikloroetanoa) pestizida euli eta eltxoen bidez transmititzen diren gaixotasunen borrokan, malaria eta loaren gaixotasunarenean adibidez, aliatu preziatua izan da urte luzez.

DDT pestizida gehiago ez erabiltzeko eskatu diote adituek Afrikako nekazariei.
Elhuyar

DDTa 1874. urtean sintetizatu zen lehenengoz, eta horren propietateak Paul Hermann Muller kimikari suitzarrak aurkitu zituen 1939an. Ikertzaileak segituan ohartu ziren pestizida zorrien, arkakusoen, eltxoen eta uztak erasotzen zituzten hainbat intsekturen aurka oso eraginkorra zela eta, ia aldi berean, munduko nazio garatu gehienak espektro zabaleko pestizida ekoizten hasi ziren. Zimbabweko gobernuak, adibidez, 1980ko hamarkadan behien aldeko apustua egin aitzin, urtero 100-200 tona DDT zabaltzen zituen eta, orotara, 2.900 tona erabili dute.

Baina 1962. urtean Rachel Carson biologoak DDTari buruzko iritzia aldatzea eragingo zuen liburua argitaratu zuen. Zoritxarrez, ordurako konposatu kimikoa arrainen, aziendaren eta, oro har, bizidun guztien gorputzean sartuta zegoen. Gaur egun ere, edozeinen gorputzean aurki daitezke DDTaren arrastoak.

Geroztik egin diren ikerketen ondorioz, DDTak fetuaren edo ume jaioberriaren sistema immunologikoa kaltetu eta haien hazkundea oztopa dezakeela, zenbait arrain espezietako arrak eme bilakatzea eragin duela, bizidun guztien hormonen funtzionamendu egokia aztoratzen duela, etab. ikusi da. Kalteok ikertu eta zehazten joan diren heinean, DDTaren erabilera herrialde askotan debekatu egin da.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia