}

Behi eroen auziari amaiera eman nahian

2004/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jateko saltzen den haragia guztiz segurua dela bermatuta badago ere, behi eroen gaitzak arazoak sortzen ditu oraindik. Arazo horien irtenbidea, ordea, laster izango da erabiltzeko moduan.

Gaur egun arriskua ez dator behi-haragia jatetik, baizik eta odolean gaitzaren eragilea duten gizakietatik. Izan ere, denbora asko pasatzen da odolean gaitza eragiten duten prioi eraldatuak izatetik gaitzaren sintomak azaldu artean. Beraz, kutsatuta dauden pertsonak urte asko bizi daitezke gaitza dutela jakin gabe, eta denbora horretan besteei kutsatzeko arriskua dago.

Gainera, gaitza diagnostikatzeko testa ez da guztiz zorrotza, eta prioi-kopuru batetik behera negatibo ematen du, nahiz eta odolean prioiak eduki. Hortaz, transfusioetan eta ebakuntzetan kontu berezia izan behar dute sendagileek, batez ere Britainia Handian, han zabaldu baita gehien gaitza.

Orain, bi kasu horietan arriskua erabat ezabatzeko modua aurkeztu dute ikertzaileek, eta datorren urtearen hasieran merkaturatuko dituztela esan dute. Batetik, prioiak odoletik kentzeko iragazki bat garatu du AEBetako konpainia batek.

Odoletik prioiak kentzeko iragazkia.
Pall Konpainia

Odoleko patogenoak suntsitzeko sistemek ez dute prioientzat balio, sistema horiek DNA edo RNA dutelako helburu, eta prioiek ez dute material genetikorik. Iragazki horrekin, berriz, prioi guztiak kentzen dira, baita diagnostikatzeko testak negatibo eman duen kasuetan ere.

Bestetik, ebakuntzetan erabiltzen diren tresnak esterilizatzeko teknika bat asmatu dute. Normalean tenperatura eta presioa erabiltzen dira tresna kirurgikoak esterilizatzeko, baina horrela prioiak ez dira desagertzen. Orain proposatu duten teknikan, berriz, korronte elektrikoaz baliatzen dira. Korronte elektriko horren eraginez, oxigenodun partikula oso erreaktibo batzuk sortzen dira, eta horiek gai dira materia organiko guztia suntsitzeko, baita prioiak ere.

Neurri horiekin, arrisku guztiak saihestu nahi dituzte. Kontuan izan behar da azaldu diren azken bi kasuak transfusio bidez kutsatu zirela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia