}

Begirada zabala

2023/11/08 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

begirada-zabala
Arg. Pernan Goñi

Klima-larrialdia, biodibertsitatearen galera, desertifikazioa, kutsadura eta baliabide naturalen xahutzea ez dira ingurumen arazo soil bat. Arrazoiak askotarikoak dira, eta ondorioak ere bai: ekonomikoak, politikoak, ekologikoak, kulturalak, osasunekoak, teknologikoak, etikoak, filosofikoak... Beraz, planetaren egoera ulertzeko eta konponbideak bilatzeko, ezinbestekoa da faktore horien guztien garrantziaz jabetzea eta konplexutasun hori hausnarketetan integratzea.

Askotan, hainbat faktorek elkarri eragiten diote, eta interakzio horrek ondorioak areagotzen ditu. Sindemia deitzen zaio horri, zenbait epidemiaren arteko sinergia gertatzen delako. COVID-19a izan zen horren adibide esanguratsua, osasun-krisia, ingurumen-krisia eta krisi soziala elkartu baitziren, eta ondorio konplexuak eragin baitzituen. Berehala ikusi zen ikuspegi mediko hutsetik lantzeak ez zuela konponbiderik ekarriko.

Egun eskuartean duguna ere ez da ingurumen-larrialdi soila, krisi sozial, ekonomiko zein sanitarioak gurutzatzen baitzaizkio, elkar elikatuta. Krisi ekosozial konplexu baten aurrean gaude. Eta, irtenbideak bilatzeko, begirada osagarriak integratu beharko dira, ezinbestean. Irtenbideen inpaktu soziala, ekonomikoa, kulturala, ekologikoa zein politikoa aztertu beharko da. Ekonomiaz ari garenean, bizitzeko baliabideak ebazteko moduez ari gara. Merkatuetatik harago doa ekonomiaren kontzeptua; familietan eta bizitzaren kudeaketan dagoena.

Diziplinartekotasuna ez da nahikoa, ordea. Begirada osagarriek badute beste dimentsio bat: bazterrean geratzen diren giza taldeen begirada ere ekarri behar da. Larrialdia ebazteko proposamenak egitean, galdera hauek egitea komeni da: Norentzat dira onurak? Nork proposatu ditu? Zertarako proposatu dira?

Diziplinartekotasunaz gain, intersekzionalitatearen ikuspegia ere txertatu behar da. Hori egin ezean, litekeena da proposatzen diren irtenbideek ez kontuan hartzea mendebaldeko kultura, aberastasun ekonomikoa, maskulinitatea, heteronormatibitatea eta zuritasuna gorpuzten ez duten pertsonen errealitateak. Inor atzean utziko ez duten proposamenak direla ziurtatzeko, garrantzitsua da ikuspegi intersekzionala txertatzea: generoa, etnia, klase soziala, adina, orientazio sexuala, desgaitasunak eta beste kategoria sozial batzuk elkarrekin nola gurutzatzen diren aztertzea, ez daitezen diskriminazio-egoera anizkoitzak gertatu.

Izan ere, ikerketetan eta datuetan ez gaude pertsona guztiak berdin ordezkatuta; gizon zuri teknozalea dute atzean etorkizunerako giltzarri diren hainbat diziplinak, oraindik ere. Gizartean, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna lortzen ari den pertzepzioa dago. Parekidetasun-pertzepzio hori, tamalez, faltsua da. Datuek erakusten dute. Jasangarritasunaren defentsan, esaterako, ekintzailetzak eragin desberdinak ditu gizonengan eta emakumeengan. Emakumeak errazago eta modu gehiagotan jazartzen dira, mundu mailan.

Edukietan sakontzeko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia