}

Begirada baino azkarragoa

2000/04/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Bi motor motaren ezaugarriak konbinatuz berri bat asmatu dute

Japoniako azken berriak hegazkin bati buruzkoak dira. Hegazkin horrek duen berrikuntzarik handiena motorra da, Garraio Hipersonikoko Propul- tsio Sistema (Hypersonic Transport Propulsion System, HYPR) alegia. Diseinu berria da, hegazkinen belaunaldi berriak erabiliko dutena. Iragarri denez, soinuaren abiadura baino bost aldiz azkarrago (Mach 5) egingo du hegan. Japoniako Nazioarteko Industria eta Merkataritza Ministeritzaren Energiaren eta Teknologia Industrialaren inguruan lan egiteko duten adar batean landutako proiektu handia da.

Kawasaki, Mitsubishi eta Ishikawajima-Harima enpresak elkarlanean aritu dira motorra egiteko. Ideia nagusia bi motako motorrak bata bestearen atzean jartzea izan da. Lehenengoa ohiko turbojeta da. Baina horren irteeran ramjeta dauka itsatsita. Honela, batak botatzen duena bestearentzat elikadura moduan erabiltzen da.

Mach 3 abiadura lortzen ez den bitartean (soinuaren abiaduraren hirukoitza), soilik turbojetak bultzatuko du hegazkina. Handik aurrera, pixkanaka, ramjetaren efektua gehituko zaio. Egoera batetik bestera pasatu ahal izateko balbula sistema konplexua asmatu dute.

Turbojetak airea hartu, konprimatu eta erreketa ganberara bideratzen du. Bertan erregaia injektatu eta sortutako gasek bulkada ematen diote hegazkinari. Ramjetak, ordea, ez dauka osagai mugikorrik. Hartutako airea nahikoa da besterik gabe prozesua aurrera eramateko.

Materialen teknologia

Bien indarra batuz gero Mach 5 iristea espero da. Dena den, turbojetaren irteeran gasak duen tenperatura da arazo nagusia. Mach 3 iristean 1700º C-tan egoten da gasa eta Mach 5 abiaduran, berriz, 1900º C-tan. Beraz, diseinu horrek dakarren erronka nagusia ramjetaren materialean datza.

Duela hamar urte hasi ziren proiektu hori lantzen. 20.000 metrotan hegan egingo duen hegazkin hori ez dakite noizko egongo den bukatuta. Nazioarteko lankidetza handia eskatzen du lanak. Garbi dagoena da, horrelako abiaduran, Tokiotik New Yorkerako bidea hiru ordutan egin litekeela. Japonia, Estatu Batuak eta antzeko herrialdeentzat iraultza ederra, alegia.

Orain motorraren prototipoekin lanean ari dira. HYPRkoek diotenaren arabera, motorra isilago izan zitekeen eta poluzio gutxiago sortu. Estatu askotako adituak enpresa as- kotan horretarako ari dira lanean. Eta faktore horiek murrizteko plan berriak aztertzen ari dira. Bestalde, eta motorra oro har bukatuta dagoenez, falta dena da hegazkinaren fuselajea diseinatzea eta egitea.

Oraingoan, Concorde ospetsuari konpetentzia handia egin diezaioke hegazkin horrek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia