}

Begien kolorearen sekretu genetikoa

2007/01/02 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Australiako ikertzaile batzuen arabera, begien kolorearen sekretua geneen erregulazioan datza. Ez dago kolorea zehazten duen generik, baizik eta pigmentua sortzeko ardura duen bat. Gene hori gehiago edo gutxiago espresatuta aldatzen da begiaren kolorea; horregatik, begien kolorea genearen kontrolguneak zehazten du. Alegia, DNA molekulako baseen sekuentzia txiki batek zehazten du begien kolorea, eta sekuentzia hori ez dago genearen barruan.

Pertsona batetik bestera, sekuentzia txiki hori aldatu egiten da. Genea asko aktibatzen duen jendeak pigmentu asko sortzen du, eta begi marroiak ditu; gutxi aktibatzen duenak, ordea, pigmentu gutxi sortzen du, eta begi urdinak ditu. Begi berdeak bereziak dira: genoman beste aldaketa txiki batek eragiten du pigmentua berdeen tonalitatekoa izatea, eta ez urdinena.

Pigmentuaren geneak, OCA2 izenekoak, azalean eta ilean ere eragiten du. Hain zuzen ere, genea erabat isilduta dutenak pertsona albinoak dira.