Begi barneko lentillak
2002/12/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Lentilla kontuetan hasi aurretik, definituko al zenuke biomaterialak zer diren?
Oro har, biomateriala gorputzarekin kontaktuan dagoen edozein material da. Lentilla normalak, tiritak, hortzetako inplanteak, hezurretako protesiak, bihotzeko balbulak, itsasgarriak, material kirurgikoa, ... Batzuek kontaktu-maila txikia dute gorputzarekin, tiritak adibidez, eta beste batzuek oso handia, bihotzeko balbulak, esaterako. Biomaterialek biobateragarriak izan behar dute, hau da, ez dute gorputzaren errefusarik eragin behar, eta kontaktu-mailaren arabera eskakizun zorrotzagoak bete behar dituzte.
Aplikazioaren araberako ezaugarriak izaten dituzte material horiek?
Bai, ehunaren arabera material bat edo beste erabiltzen da. Oro har, material zeramikoak, polimeroak eta material metalikoak erabiltzen dira biomaterial gisan eta, non eta zertarako erabili behar den, bat edo beste aukeratzen da.
Aplikazio horietako bat begi barruko lentillak dira. EHUrekin batera ari zarete proiektu horretan. Zein da helburua?
Kasu honetan helburua bikoitza da. Alde batetik, begian txertatu eta kalterik egingo ez duen material egokiena bilatu behar dugu eta, bestetik, material horrek ikusmena hobetzeko baliagarria izan behar du. Begia oso organo konplexua da, eta ez da erraza biobateragarritasuna lantzea.
Lentilla arruntak baino zerbait konplexuagoa ikertzen ari zarete, orduan.
Gaur egun bi motatako lentillak daude merkatuan, ukipen-lenteak, jarri eta kentzen diren horiek, eta begi barneko lenteak. Azken horiek kristalinoan jartzen dira, oso barruan, begi-lausoa sendatzeko. Guk proposatzen ditugun lentillak ez lirateke hain barruan jarriko, kornea azpian baizik. Kornea begiaren kanpoaldean dago eta begiak duen lehen lentea da. Gu ikertzen ari garen lentilla kornea azpian jarriko litzateke.
Barruan jartzeko izaki, ukipen-lenteek baino ezaugarri zorrotzagoak bete beharko dituzte, ezta?
Bai, materialak porotsuagoa izan behar du, eta iragazkorragoa bai urarekiko eta bai hainbat hondakinekiko. Korneak ez dauka odol-hodirik, elikagaiak xurgatuta iristen dira haraino eta, beraz, lentillen bidez hondakinak kanporatzeko modukoa izan behar du. Eta, noski, materialak gardena izan behar du. Guk ohiko lentilletan erabiltzen den material bera ikertzen dihardugu, baina gure kasuan dezente ur gehiago dauka, hain justu, porotsuagoa eta iragazkorragoa izan dadin. Kontua da horrek gardentasun-arazoak sortzen dituela. Ezaugarri horien guztien arteko oreka bilatzea da gure lana. Behar bezain porotsua, gardena, elastikoa, gogorra eta iragazkorra den materiala topatu behar dugu.
Eta, ez al dago errefusa-arazorik?
Helburua gorputzak arrotz gisa hartuko ez duen materiala prestatzea da. Gorputzak kanpotik sartzen dena kanporatzeko joera dauka, arrotza delako. Hain justu, horregatik bilatzen da material porotsu bat. Zenbat eta ur gehiago eduki, materiala porotsuagoa izango da eta errefusa-arriskua txikiagoa, edema eta, horren ondorioz, estrusioa gerta ez dadin.
Material egokia bilatzeaz gain, material hori aktiboa izatea nahi dugu. Errefusa-prozesuan proteina eta entzimek parte hartzen dute eta, horiengan eragitea lortuz gero, bateragarritasuna hobe daiteke. Honen aurretik egindako ikerketan, entzima horiengan eragiten duen konposatu kimiko batekin lan egin zen. Konposatu hori gehituz materiala funtzionalizatzea lortu dugu eta, ondorioz, bateragarriago izatea, eta errefusa-arazoak gutxitzea.
Horiek begian sartzeko ebaketa konplexua da?
Ez, printzipioz ez. Ebaketa txikia da, kornea azal finekoa baita. Ebaketa txiki bat egin, lentilla tolestuta sartu, kokatu, eta arazorik gabe osatuko litzakete begia.
Eta edozein ikusmen-arazo tratatzeko balioko lukete?
Bai, gu horren bila gabiltza eta gurekin lanean ari diren oftalmologoek posible ikusten dute hori; teknikak berak eta materialak horretarako aukera ematen dute, bai. Teorikoki, kornea barneko lentillak miopia, hipermetropia, astigmatismoa eta presbizia zuzentzeko baliagarriak izan daitezke. Baina lan asko dago aurretik.
Gaur egun, jende askok egiten ditu laser bidezko ebakuntzak ikusmen-arazoak konpontzeko. Horiekin alderatuta, zer eskaintzen dute begi-barneko lentillek?
Gauza hauek normalean ez dira zuriak edo beltzak izaten. Oftalmologoek arazo asko dituzte eta aukera-sorta handitzea beti da interesgarria. Gainera, begi barneko lentillak laserra baino kasu gehiagotan aplika litezke.
Zenbat denbora daramazue ikerketa honekin?
Proiektu honekin bi urte daramatzagu lanean, baina kontuan izan behar da proiektua aurretik egindako hiru urteko ikerketa baten ondorioa dela.
Zein puntutan dago ikerketa?
Bi urte denbora gutxi da halako proiektu baten amaierara iristeko. Bi urteotan materialaren ezaugarriak ikertu eta hobetu ditugu. Ahal den materialik egokiena lortu da eta, hemendik aurrera, xehetasunekin hasiko gara lanean; optimizazio-fasean gaude. Biobateragarritasunari dagokionez, zelulekin bateragarria dela egiaztatu dugu, baina hori espero genuen, biomaterial batetik abiatu baikara. Animaliekin ere hasi gara lanean. Hemendik aurrera, lan hori guztia batu eta proba gehiago egin beharko dira.
Oraindik denbora asko pasatuko al da gizakiekin probatu arte?
Bai, bai, asko. Gainera, ikerketak ez du ziurtatzen inoiz gizakietan probatuko denik. Proiektua hiru urtekoa da eta, amaitutakoan, ebaluazioa egin eta ikusi beharko da nondik jo. Gerta daiteke beste bide bati heldu behar izatea. Kornea barneko lentila baliagarriak lortzeko hainbat saiakera egin dira lehenago ere, baina materialak arazoak sortu ditu beti. Materialen inguruan aurrerakuntza ikaragarriak gertatzen ari dira eta horretan dihardugu. Proiektua bukatzean talde osoak azterketa sakona egin eta orduan erabakiko da ikerketa nondik bideratu.
Dena dela, uste dut bidea behintzat zabaldu dugula. Bestalde, horrelako proiektuak diziplina artekoak dira eta lankidetza oso garrantzitsua izaten da. Alde horretatik ere oso aberasgarriak dira lan hauek.
Euskadi irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioan egindako elkarrizketa (2002-12-18).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia