}

Bederatziehun kiwi eta zakur bat

1989/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Uste denez, sartutako harrapariak dira irla-espezieen desagertzearen arrazoirik nagusiena. Arazo honi buruzko orain arteko literaturak ez zuen horren ebindentzia zuzenik ematen; ez-zuzena bai ordea. Horrexegatik zakur baten eta kiwi-populazio baten artean egon berri den gatazka, errefentzia bazterrezina izango da kontserbazio-literaturan aurrerantzean.

Zeelanda Berriak bere hegazti-espezie jatorren proportzio handia galdu egin du, duela zenbait mende europarrak heldu zirenez gero. Sartutako erbinudeak, katuak eta zakurrak izan dira horren erantzule, baina froga zehatzik ez da egon; susmoak besterik ez. Kiwiak, Zeelanda Berriko irudi nazional den hegaztiak, eman berri du erantzuna.

Waitangi izeneko basoan bizi izan da orain arte, Zeelanda Berriko kiwi arrunten (Apteryx australis) populaziorik handiena. 1987.eko ekain eta urri artean biologoek populazio honetako ale batzuk markatu zituzten eta ondoren irrati-transmisoreak erabiliz segimendua egin zieten.

Kiwi arrunta.

1987.eko abuztuaren 24ean kiwi eme handi bat hilberria aurkitu zen. Hurrengo sei asteetan beste zenbait hildako edota hezurdura berri aurkitu zen. Markatutako 23 hegaztietatik 13 hil ziren tarte horretan eta irrati-transmisoreei esker lokalizatu ziren. Markatu gabeko hildako aleak aurkitzea zaila izanik ere, beste hamar aleren hezurdurak aurkitu ziren. Irailaren bukaerarako kiwi-kantu gutxi entzuten zen eta kiwiak lokalizatzeko (ez hiltzeko) hezitako zakur batek ez zuen bat ere aurkitu.

Hildakoetan aurkitutako hortz-markek eta inguruko hatz-markek hiltzailea zakurra zela erakutsi zuten. Zakurra gainera bakarra zen. Irailaren 30ean ardizakur aleman bat ikusi zuten basoan eta hila zegoen. Harez gero ez zen kiwi gehiago desagertu.

Zenbat kiwi hil zituen zakurrak? Markatutako hogeitahiruetako hamahiru akabatu bazituen, populazio osoko 900etako 500 bat hilko zituen; hegazti guztiak arrisku berdinean bait zeuden. Sei astetan bostehun kiwi hiltzeak gauero hamabi hiltzen zituela esan nahi du. Zifrak handia dirudi, baina kiwiek usain sarkorra eta oihu ozena dutenez gero, zakurrak ez zuen harrapakina atzemateko arazorik izaten.

Waitangiko gatazka honek, irla-espezieak harrapari berri bat sartzen denean zein erasogarriak diren erakusten du. Kiwiek harrapari ugaztunik gabe eboluzionatu zuten eta zakurren aurrean defentsabiderik ez dute. Gainera oso poliki ugaltzen direnez, Waitangiko populazioak 8-20 urte beharko ditu hasierako zifrak lortu arte.

Waitangiko gertakizun honek, sartutako animaliak kontrolatzeak zenbaterainoko garrantzia duen erakusten du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia