Basurtu: ospitale baten jaiotza
2008/11/01 Alvarez Yeregi, Mikel - Medikua eta Gurutzetako Ospitaleko zuzendari nagusia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bilbotarrentzat are zailagoa izan zen mendearen bigarren aldia. Mendearen lehenengo erdialdean, Bilbo oso ondo antolatutako hiria zen, biztanle gutxikoa, 10.000 mila gutxi gorabehera. Ura hiriko hainbat iturritatik hartzen zuten, eta edateko ura zabaltzeko azpiegitura eta osasun publikoko neurri aurreratuak zituzten. Eta hilkortasun-tasak txikiagoak izan ziren bigarren erdialdekoak baino. Zer gertatu zen, bada? Ez da zaila asmatzea: Bizkaiko burdingintza zabaldu, eta horrek populazio-hazkuntza ekarri zuen, egitura soziala antolatu baino lehen. Osasun publikoak atzerapauso handi bat eman zuen, eta gaixotasun infekziosoek hilkortasun-tasak handitu zituzten. Ezkerraldean, burdingintzaren bihotzean, bizitza-itxaropena hamar urte gutxitu zen, eta haur-hilkortasuna bikoiztu egin zen.
Bestalde, kolera azaldu zen Europan eta Espainian, eta lehendabiziko epidemia 1834an sartu zen Bizkaian. Kolera eta tuberkulosia izan ziren, dudarik gabe, XIX. mendea zauritu zuten gaixotasunak. Eta, haiekin batera, tuberkulosia, gripea, kolera, nafarreria, elgorria, sukar tifoidea, sifilia... Horiek kontuan hartuta eraiki zen Bilboko Ospitale Zibila Basurtuko lurretan.
Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoa den lurraldeak 600.000 mila biztanle zituen orduan, eta Bilbok horietako 80.000 biltzen zituen. Emakume bakoitzak 3,53 haur zituen, eta batez besteko bizitza-itxaropena 35 urtekoa zen. Haurren hilkortasun-datuak eskasak badira ere, handia zen: jaiotako mila haurretik 200 hiltzen ziren lehen urtean.
Osasun-asistentziari dagokion aldetik, esan beharra dago Bilbok bazuela ospitale bat, Atxurikoa. Mendearen hasieran zabaldu zuten, 250 oherekin, eta nahikoa hutsik egoten zen, mendearen lehen erdialdean behintzat.
Ospitale berria eta XX. mendea
Ordura arteko ospitaleak, Atxurikoa esaterako, bloke batean eraikitakoak izaten ziren, baina mendearen bigarren erditik aurrera, higienistek bultzatuta, arkitektura-planteamendu berriak aplikatzen hasi ziren munduko herrialde aurreratuenak, Ipar Europakoak eta AEB, alegia. Diseinu berri haietan oinarritzat hartzen ziren irizpideek zerikusi handia zuten infekzioen kontrolarekin, infekzioen zabalpena mugatzearekin. Ospitale-blokeek pabiloiz osatutako ospitaleei eman zieten txanda.
Pabiloi batean baino gehiagotan antolatuta egoteak gaixotasun infekziosoak besteekin ez nahastea zekarren, eta gaixo jakin batzuen isolamendua bidera zezakeen. Sasoi hartakoak dira Parisko Lariboisière (1854), Tenon (1875) eta Hôtel-Dieu (1876), Ingalaterrako Blackburnen (1859), Edinburgokoa (1878) eta Estatu Batuetako Baltimoreko J. Hopkins Ospitalea. Pabiloien sistemak zabalkunde handiena Alemanian izan zuen, eta oso ospetsuak izan ziren, besteak beste, Berlingo Friedrichhain (1868) eta Tempelhof (1878) eta Hanburgoko Eppendorf (1892).
Ospitalearen eraikuntza antolatu zuen erakundeak, Junta de Caridad zelakoak, eskaera bat egin zien bi bilbotarri, Carrasco doktoreari eta Epalza arkitektoari: Europan barrena bidaiatu behar zuten, ospitaleak ikusiz, eta haietatik ideia berriak ekarri. Hala, medikuak eta arkitektoak hiru hilabeteko bidaia egin zuten Europako herrialde askotan barrena. Arkitektoak Hanburgoko Eppendorf Ospitalea hartu zuen eredutzat.
Carrascoren eta Epalzaren ekarpenak kontuan hartuta, ospitalea eraikitzeari ekin zioten. Beste hainbat berrikuntza ere gehitu zuten. Adibidez, 1902ko monografiko batean aipatzen da ospitaleak laborategi bakterio-fisiologiko bat izango zuela, eta, han, hazkuntzak egiteko berogailuak eta saiakuntzak egiteko animaliak ere izango zirela. Eraikuntza hamar urteko epean egin zuten, 1898tik 1908ra. Ospitalea zabaldu zen urtean, 3.213 ospitaleratze izan ziren (1698 gizonezko eta 1515 andrazko), batez besteko egonaldia 31 egunekoa izan zen, eta % 10ekoa izan zen hilkortasuna.
Tuberkulosia
Ehun urte hauetan bidaiatzeko gaixotasun baten eskutik joan behar izanez gero, hori, dudarik gabe, tuberkulosia da. Tuberkulosiaren hilkortasuna ospitalean % 41ekoa zen 1909an, eta 235 gaixo artatu ziren urte hartan. 1932an, Arrospide doktoreak zeukan tuberkulosoen ardura, eta, horretarako, 164 oheko pabiloi bat zeukan, Revilla pabiloia. 1946an hilkortasuna oraindik % 22koa zen, eta hilkortasunaren beherakada 50-60ko hamarkadatik aurrera hasi zen ikusten.
Eta, hala, neurri epidemiologikoen eraginagatik eta tuberkulosiaren kontrako tratamendu antibiotikoen eraginagatik, gizarteak uste izan zuen tuberkulosia gainditutako gaixotasuna zela. Baina ez: 80ko hamarkadan sortu berri zen gaixotasun biriko batek, GIBak, eskutik zekarren tuberkulosiaren hazkundea (beste infekzio askoren artean).
Tifusa eta sukar tifoideak (ez dira ondo bereizten testuetan), garbitasun eskasarekin zerikusia dutenez, gutxitzen joan ziren gizartea garatu ahala, eta gerra ondorengo urteetan bakarrik izan zuten gorakada bat. Nafarreriarekin ere antzera gertatu zen: mendearen hasieran, 40 kasu agertu ziren, baina gero beherantz egin zuen, 1980an desagertu zen arte (salbuespena 1918-1920 urteetan gertatu zen). Difteriaren kasuan, esan beharra dago kezkagarriena haren hilkortasuna zela, eta 1964. urtean lau kasu besterik ez zirela gertatu. Elgorriak, eskarlatinak eta kukurruku-eztulak garrantzia galdu zuten mendearen bigarren erdian, nahiz eta aldian behin hazkunde txikiren bat ikus genezakeen oraindik, epidemiaren baten eraginagatik.
Infekzioak gainbeheran
Gaixotasun infekziosoen iraunkortasuna edo maiztasuna nabarmen gutxitu zirenez 1960 urtetik aurrera, ospitalean ere antolaketa berriak moldatu zituzten, eta infekzioen pabiloiak beste eginkizun batzuetarako erabiltzen hasi ziren.
Gaixotasun infekziosoek indarra galdu zuten, gizartearen neurri epidemiologikoek eta antibiotikoen garapenak hesia jarri zieten 'mikrobio-artalde' haiei eta, nahiz eta 1918. urteko gripe-epidemiak oroimenerako irakasgai bat eman zigun, gizakiok koloretako arraintxoen gisako oroimena dugunez, konturatu baino lehenago, oharkabean, birus bat sartu zitzaigun gure lurretan, galkorregiak ginela gogorarazteko.
Gizakiok organismo bizien arteko bat gehiago baino ez gara, eta mikrobio nekaezin horiek eragin diezazkiguketen gaixotasunak gainditutzat eman bazituen ere The Lancet aldizkariak urte batean, hori gure amets sinpleena baino ez da izan.
1980. urtean GIBa izan zen. Gero, SARS ere erdian sartu zitzaigun, eta, orain, N1H5 hegaztiaren gripearen beldur bizi gara. Infekzio nosokomialak gurekin bizi dira, eta legionelosiak eta mikosiek behin baino gehiagotan hartzen digute neurria. Mikrobioak gu baino urte gehiago bizi izan dira Darwinen eboluzioan, eta kukuka jolastuko dute gurekin, eta kezka sortuko digute berriro ere guk gutxiena uste dugunean.
Etorkizunean ere, infekzioek gurekin bidaiatuko dute; antola ditzagun ospitaleak horretarako.
Artikulu hau "Infekzioak. 100 urteko historia Basurtuko Ospitalean" hitzaldiaren laburpena da. Hitzaldia Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen urteko biltzarrean eman zuen Mikel Alvarez Yeregik, joan den urriaren 4an.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia