}

Basoa erre da. Hain larria da hori?

2004/04/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Basoa erre da. Auskalo non, auskalo zergatik, txinparta batek abiarazi du sua. Hasieran gar txikia izan arren, inguruko landareetara zabaldu da, eta, pixkanaka, sua zena sute bilakatu da.
Basoa erre da, baina zuhaitz guztientzat ez da kaltegarria izan.

Zuhaitz batetik bestera salto eginda, kiskaltzearen lasterketa eroa jarri da martxan. Zuhaixkak, garoa, goroldioa, belarra; den-dena kontsumitu da. Eta, horiekin batera, animalia asko. Beste askok korrika, hegaka edo arrastaka egin dute ihes. Baina gehienek ez zuten nora joan.

Benetako hondamena ekarri du suak

Sualdia baretu denean, keak eta errautsak adierazten dituzte sarraskiaren dimentsioak. Belztutako gune handi bat dago lehen oihan itxia zegoen lekuan. Seguruenik, basozainak, teknikariak eta beste hainbat ari dira hondamenak eragindako galera ekonomikoa kalkulatzen.

Dena dela, horrelakoetan, eta uzten bazaio, basoak erantzun egiten du. Azken batean, naturak gizakiak baino protokolo landuagoa du horrelako kasuei aurre egiteko. Izan ere, basoa ez da guztiz hilda geratu; begi-bistaz ikusten den baino bizi gehiago dago belztutako hondar horietan. Ikus dezagun.

Erretakoa basoan bertan utzita, naturak azkarrago berreskuratzen du oreka.

Beheko pinuak, adibidez, azkar hartu du sua. Azal lehorra zuen, ia kortxoaren parekoa, eta erretxina-tantek bustitzen zuten enborra, han eta hemen; enborraren azala erregai perfektua zen. Bai, azala bai, baina barrukoa ez. Hain zuzen ere, barrukoak bizirik iraun du. Eta, jakina, barrukoak iraun badu, zuhaitza ez da hil. Eta, sua desagertuta, indarberritzen ari da.

Are gehiago, pinuak etekin ederra atera dio suteari. Bizkarroi asko erre zaizkio, eta, horrez gain, garbitu egin zaio ingurua. Horrek esan nahi du, lurraren ongarrien ikuspuntutik behintzat, hainbat landare lehiakide desagertu direla. Pinuaren sustraiek eremu garbia izango dute denboraldi batez, haziak erraz erneko dira, eta pinu gazte sendoagoak haziko dira. Azkenean, pinua jaun eta jabe izango da beste landare batzuek lur hori kolonizatzen duten arte.

Sutearen aurrean, pinua sendoa da. Segituan hartzen du sua, baina ez da erreta hiltzen; sendoa da. Baina maldan gora bizi diren beste hainbat zuhaitzentzat borroka bestelakoa da, goialdeko pago zahar handiarentzat, adibidez.

Pagoak sendo-itxura du. Ez dirudi inoiz hil daitekeenik. Izan ere, ehunka urte eman ditu han, eta makina bat hondamen naturali egin behar izan dio aurre. Zeinek daki zein izan den harentzat unerik latzena! Oraingoan ere bizirik iraun du, baina borroka ez da erraza izan.

Eroritako zuhaitzek, erreta egonda ere, beste bizidun batzuei ematen die babesa.

Zuhaitz handi horren defentsa indartsua da; ez da nolanahi erretzen. Suak azal-zati bat belztu dio, baina ez du erretzerik lortu. Eta azala erre ez denez, iraun egingo du zuhaitzak. Pinuaren kontrako estrategiari jarraitzen dio pagoak: azala du lehendabiziko babesa, eta indartsuena. Azala errez gero, ia ziur, pagoa hil egingo da, barru osoa ere erreko baita. Kontsumitu egingo du suak. Beraz, hor dago gakoa, azalaren defentsan. Nolanahi ere, pagoak ez dio etekin handirik atertzen suari; ez behintzat pinuak bezala.

Metro batzuk beherago, magalean, beste pago gazteago batek adar nagusietako bat galdu du. Zaurituta dago. Agian heriotza ekarriko dio zauri horrek. Pagoaren inguruan, gizakiak balorazioak egiteari ekin dio. Merezi du pagoa bere horretan uztea ahal badu aurrera egin dezan? Edo hobe da handik kentzea eta beste zuhaitz bat landatzea? Zenbat metro kubiko egurrez ari gara kasu horretan? Zenbat balio du prozesu horrek guztiak?

Sutetik berreskuratzen den egurra erdi-prezioan sal liteke, negozio ona egin ahal izanez gero. Horregatik, gizakiak jaso egiten ditu salgarri geratu diren enborrak. Baina eramaten dituen enborrak naturak ere behar ditu. Animalia askok dute babeslekua eroritako eta erdi erretako enborretan. Landare batzuek ere gustura hartzen dute babes hori. Eta horrela izan dadila; bestela, higadurak eraman egingo du lurzorua, poliki-poliki.

Berrehun urte beharko ditu basoak zeukan egitura berreskuratzeko, baina geratu dena gizakiak 'garbitzen' baldin badu, bostehun urtean ere ez du berreskuratuko egoera hori. Beraz, hainbat naturazalek dena bere horretan uztea proposatu dute. Sutea ez da ez ona eta ez txarra; sutea naturala da, eta, beraz, naturak badaki aurrera ateratzen sua itzaltzen den unetik.

Pagoak, haritzak eta antzeko zuhaitzak ez daude suteetara moldatuta.

Intsektuak itzultzen hasi dira erretako basorantz. Egia esan, hasiera-hasieratik gertatu da hori, hainbat kakalardok arrautzak jarri behar dituztelako kiskalitako zuhaitz-azaletan. Beroa behar dute, eta beste animalia guztiak ihes egiten ari zirenean, intsektu horiek aurkako bidea egin dute, larbentzako leku egokiena aukeratzeko. Han kopulatu eta arrautzak jarri dituzte. Horrekin hasi da basoaren berreskuratze naturala.

Zein izango dira hurrengoak? Beste intsektuak? Landare txikiak? Goroldioa? Berdin dio. Denborarekin, uzten bazaio, basoak berreskuratu egingo ditu ugaztun handienak ere. Ideia berria pentsatzen hasteko, ezta? Ez, nonbait, parke naturalen zaindarientzat. Haiek hasi dira suteari, uholdeari eta haizeteari balioa ematen.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia