Baso-suteak, urteroko gertakari
2000/09/10 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Greenpeace erakundeak bildutako datuen arabera, munduko basoen gaur egungo egoera kezkagarria da. Begira zer dioten datu horiek:
- Lurreko basoen erdia desagertu da dagoeneko. Bizirik irauten duten basoen % 60 oso egoera kaskarrean daude.
- Munduko baso guztien % 6 baino ez daude babestuta.
- % 90 animalieen eta landareeen bizitza basoen baitan dago.
- Basoen % 10 baino babesten ez bada, Lurreko animalien eta landareen erdia desagertu egingo dira.
- Deforestazioaren ondorioz, urtero-urtero 50.000 espezietik gora desagertzen dira.
- Urtero oihan tropikaletan 13 milioi hektarea galtzen dira. Suntsipen handiena azken 30 urteotan gertatu da.
- Munduan egoera onean dauden oihanen % 75 Amazonian, Errusian eta Kanadan daude. Deforestazioaren abiada geratzen ez bada, datozen 5-10 urteetan oihan horien % 75 galdu egingo da.
- Bost zuhaitzetik bat gaixorik dago.
- Suteak gertatzean, basoak berak ingurugiro-arazo bihurtzen dira. 1997-98 urteetan, adibidez, Indonesian gertatu ziren suteetan atmosferara CO2 ugari igorri zen, Europan urtebetean erre zen ikatzak, petrolioak eta gasak igorri zuten beste.
Hori baino datu hotzagorik -beroagoak agian- baditugu esku artean, Euskal Autonomia Erkidegoan azken urteotan eta Nafarroan iaz suteek eragindako kalteei dagozkienak, hain zuzen ere:
1999 | 1998 | ||
ARABA | Sute-kopurua Erretako hektareak | 19 85,7 | 53 195,29 |
BIZKAIA | Sute-kopurua Erretako hektareak | 57 300,60 | 116 343,00 |
GIPUZKOA | Sute-kopurua Erretako hektareak | 29 112,60 | 93 969,60 |
NAFARROA | Sute-kopurua Erretako hektareak | 98 536,70 | - - |
Pentsa daitekeenez, oro har, udara eta udazkena dira baso-suteetarako urte-sasoi egokienak, batetik, lurra inoiz baino lehorrago egoten delako; bestetik, mendian jende ohi baino jende gehiago biltzen delako -sua beharrezko neurririk hartu gabe pizten duena alegia-. Gipuzkoan eta Bizkaian, hala ere, sute gehienak udazkenean eta neguan gertatzen dira. Bestalde, basoan eta nekazaritzan, oro har, ez da lehen beste lanik egiten, horregatik basoetako lurrean hildako landare ugari pilatzen da, koniferak ugaritu dira… eta horrek guztiak suari errazago hedatzeko bidea irekitzen dio. Etxegintzan dihardutenen azpilanek, egurraren merkatuak eta, beste barik, aseguruak kobratu nahiak suteei ez diete, ez, biderik ixten.
Erremediorik onena suterik ez egotea
Greenpeace erakundearentzat, suteen egiazko konponbidea horrelakorik ez gertatzea da; hortaz, prebentzioaren printzipioa. Erakunde ekologistaren arabera, baso-suteen ebaluazioa egiteko kaltetutako ganadua eta erretako hektareak kontatzetik, eta kaltetutako faunaren eta erretakoaren interes ekologikoaren berri ematetik haratago joan beharra dago. Izan ere, Greenpeaceren iritziz, baso-suteek benetan zalantzan jartzen dutena Naturaren erritmoan mugi nahi duen bizimoduaren dinamika eta jarraipena da. Ekologistek diotenez, suteak beti ere errepikatzen diren hainbat gertakariren ondorio izaten dira:
- Azken urteotan azpiegitura erraldoiak -autobideak, presak…- ugaritu egin dira. Horregatik herriak hustu egin dira, herrietatik gertu dauden basoei ez die inork jaramonik egiten, ibaiak eta errekastoak lehortu egin dira… eta sute-arriskua handitu egin da.
- Basoak dagoeneko ustiatzen ez direnez, baso-biomasa gehiago hazten da -baso zikinak, sastraka, lurrera eroritako adarrak…- eta sute-arriskua handiagoa da.
- Suarekiko oso sentiberak diren espezieak erabiltzen ari dira basoak birlandatzeko, koniferoak batez ere.
- Suteen kontura bizi diren enpresak inbertsio ugari egiten dituzte. Gero, jakina, errentagarri bihurtu beharko dituzte.
Suteen aurkako borrokan, prebentzio-lanean, Greenpeace-k zerrenda jarri du basoetako suteen arazoa konpondu ahal izateko:
- Sute-arriskua murrizte arren baso-gestiorako ereduak garatu behar dira, basoetako ekosistemak garatzea bermatuko dutenak.
- Kontserbazioaren eta produkzioaren arteko oreka bilatu behar da, helburu zehatzeko lanak eginez.
- Birlandatze-programak egoki garatzea.
- Erretako zuraren merkatua kontrolatzea, espekulazioari aurre egin ahal izateko.
- Erretako mendiak nahitaez berreskuratu behar dira.
- Mendia eta basoa zentzuz erabiltzea.
- Erreturak debekatu baso-eremuetan.
- Prebentzio-inbertsioak areagotzea.
- Suteak itzaltzeko eta basoak birlandatzeko ardura duten industriak kontrolatu behar dira, beren onura ekonomikoek suteak areagotzearekin ez dezaten zuzen-zuzeneko loturarik izan.
- Administrazioaren parte hartzea suteen ondorioz irekitzen diren epai-bideetan.
Zuk zer egin dezakezu?
Erakundeek eta basoetako gaien inguruan lan egiten dutenek egin behar dutenaz gain, zuk ere baduzu zereginik baso-suteak gutxitzeko; hau da, suterik gerta ez dadin:
- Udaran gaude, urtarorik lehorrenean. Beraz, ez piztu surik baso-inguruetan.
- Erretzeak kalte egiten dio osasunari, eta zigarroa ez bada behar bezala itzaltzen edo pospoloak itzali gabe botatzen badira, basoari ere kalte eg ingo dio.
- Ibil zaitez kontu handiz sastraka edo erreturak egin behar badituzu, eta haizea dabilen egunetan ez dezazula surik egin.
- Mendira edo basora joaten bazara, ez utzi han zaborrik. Hara joaten den hurrengoarentzat estetikoki itsusia da, ingurugiroa honda dezake eta sua hartuz gero sutea errazago hedatzea eragin dezake. Basoa zikin egoteak ez du batere mesederik egiten.
- Gure herriko jaietan ohitura den arren, sutea heda daitekeen tokietan ez jaurti txapligurik.
Zuk zuzen jokatuta ere, baliteke sutea gertatzea. Inguruan harrapatzen bazaitu, honako aholku hauei jarraitu:
- Lehenengo, lasai jokatu eta egin behar duzuna egin aurretik bi aldiz pentsa ezazu.
- Sutea oso handia ez bada, saia zaitez sua itzaltzen.
- Sua itzaltzeko ura erabili behar baduzu, bota ezazu garren azpialdera.
- Urik ez bazenu, baina hala ere sutea itzaltzeko zerbait egin daitekeela uste baduzu, inguruetan hartu adar berderen bat.
- Sutea handiegia izan baino lehen, pentsatu ihesbidean, eta alde egin ezazu bide seguruenetik. Behin hori eginda, saia zaitez suhiltzaileei deitzen.
- Suteak harrapatu bazaitu, ez zaitez ibarbideetan sar, ahal bada errekaren bat edo putzuren bat aurkitu eta hantxe sartu, edo bestela etzan harkaitzen artean ezkutatuta, eta ez zaitez saia gar artetik pasatzen atzean dagoena ikusten ez bada.
- Norbaiten arropak su hartzen badu, ez utzi korrika egiten: bota lurrera, hantxe birarazi edo estal ezazu ahal duzunarekin.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia