}

Basamortutzearen salataria

2008/07/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sahara sabana berde-berde bat izan zen garai batean. Aintzirak ere bazituen, han-hemenka. Une batean, ordea, sabana berde hura gainbehera etortzen hasi, eta gaur egun dugun basamortua bilakatu arte aldatu zen. Aintzirak harekin batera lehortu ziren; guztiak, bat izan ezik: Yoa aintzira. Aintzira horrek 'kontatzeko duena' aztertu dute ikerketa batean, eta Sahararen basamortutzeari buruzko ideia berri bat proposatu dute.
Basamortutzearen salataria
2008/07/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: © S. Kröpelin/Koloniako Unibertsitatea)
Zientzialari gehienek uste dute Sahara oso azkar bihurtu zela basamortu, alegia, mende gutxi batzuetako denbora-tartean utzi ziola Saharak sabana izateari. Baina ideia horri kontra egiten dion ikerketa baten berri eman zuten Science aldizkarian maiatzean. Ikertzaile horiek esaten dute basamortutzea orain dela 6.000 urte inguru hasi, eta orain dela 2.700 urte bukatu zela; hau da, milaka urte behar izan zituela gaur egun duen itxura hartzeko.

Leku bateko (kasu honetan, Saharako) klima nola aldatu zen jakiteko, hoberena litzateke milaka urtez han izandako tenperaturen eta prezipitazioen datuak izatea. Horiek neurtzen dituzten aparatuak, ordea, orain dela nahiko gutxi asmatu genituen, eta azkeneko ehun urte inguruko datuak baino ez ditugu. Beraz, zeharkako bideak bilatu behar izan dituzte zientzialariek lehenagoko garaietako kondizioak ezagutzeko. Besteak beste, ozeanoetako nahiz aintziretako sedimentuak aztertzen dituzte, denbora luzean lehorreko materialak (haizearen bidez garraiatutako hondar-aleak, polen-aleak) jaso dituztelako etengabe, geruza finetan. Geruza fin horiek aztertuta, beraz, denboran atzera egin eta hainbat garaitako kondizioak ezagutu daitezke, zuhaitzen eraztunak aztertuta egiten den antzera.

Saharan gertatutako aldaketa aztertzeko, gutxienez 6.000 urte egin beharko genituzke atzera, aldaketa azkar gertatu zela diotenek orain dela 5.500 urte inguru kokatzen baitute basamortutzea. Ozeano Atlantikoan bildutako sedimentuetan oinarritu dira gaur egun zabalduen dagoen ideia babesteko. Besteak beste, ikusi dute garai hartan izugarri handitu zela bat-batean Saharatik zetorren hondar-kantitatea.

Baina itsas hondoko sedimentuak informazio-iturri gisa erabiltzeak arazo bat du: ez dago jakiterik pilatutako sedimentuak zer eremu edo azalera geografikotakoak diren. Horretarako, aintziretako sedimentuak zehatzagoak dira, eremu askoz txikiagoetatik biltzen baitituzte materialak.

Orain dela 6.000 urte, egon bazeuden aintzirak Saharan; eta gorde zuten informazioa sedimentuetan, baina orain dela 4.000 urte arteko informazioa baino ez gehienek; hortik aurrera, asko eta asko lehortu egin ziren, eta sedimentuak modu ordenatuan pilatzeari utzi zioten.

Beraz, aintzira zahar horiek ez dira baliagarriak azkeneko milurtekoetako klimatologia berreraikitzeko eta ozeanotik jasotako informazioa osatzeko. Itsasoa da, hortaz, klimatologoek duten tresna bakarra denbora-tarte horretako Sahararen historia ezagutzeko.

Sateliteen bidez jasotako irudi honetan ikus daiteke nola iristen den hondarra Ozeano Atlantikora haizearen eraginez.
NASA

Badago, ordea, denbora pasatu arren, eta Sahara basamortu bihurtu arren, lehortu ez den aintzira bat: Yoa aintzira. Txaden iparraldean dago, eta azkeneko 11.500 urteetan ura izan du. Orain, eremu hiperlehor batean dago, eta urtean ur asko galtzen du lurrunketaz, baina lur azpiko akuifero zahar batek urez hornitzen du, eta horregatik ez da lehortu. Hortaz, sortu zenetik, inguruko lurretatik jasotako materialak pilatzen joan da.

Lekuko bizia

Aintzira horretan egin zuen azterketa Science aldizkarian artikulua argitaratu duen taldeak. Informazio asko lortu zuten zeharkako bideetatik. Alde batetik, inguru horretako prezipitazio-maiztasuna nola aldatu zen interpretatu dute aintziraren gazitasuna denboran nola aldatu zen ikusita, eta, hori jakiteko, garai bakoitzean aintziran bizi ziren diatomeoen eta uretako ornogabeen hondarrak aztertu dituzte.

Beste alde batetik, aintziraren inguruko landaredia denborarekin nola aldatu den ikusi dute, sedimentuetan pilatu zen polenari begiratuta. Eta, azkenik, sedimentuetako mineralak (hondarra) aztertu dituzte ikusteko nola aldatu ziren haize-erregimenak, eta garai bakoitzean inguruko eremuetan zein zen landareen estaldura-maila (landaredia zenbat eta urriagoa izan, orduan eta hondar-kantitate handiagoa mugitzen da eremu batean, landareek gaitasun handia dutelako lurzoruari eusteko).

Gazitasunari dagokionez, ikusi dute nahiko azkar pasatu zela ur gezako aintzira bat izatetik ur oso gaziko ekosistema bat izatera. Hain zuzen, ikusi dute ur gezako bizidunek oso azkar egin zutela gainbehera (bai fitoplankton-espezieetan, bai intsektu eta mikrokrustazeoetan), eta gero eta ur gaziagoetan bizi diren organismoek ordezkatu zituztela.

Yoa aintzira ez da lehortu (eremu hiperlehor batean egon arren), lur azpiko akuifero zahar batek hornitzen duelako urez.
(Argazkia: © S. Kröpelin/Koloniako Unibertsitatea)
Ikertzaileen esanean, horrek adierazten du gazitzen hasi aurretik aintziratik ura eta gatzak ateratzen zituen ibairen bat izan zuela Yoa aintzirak (orain dela 4.300 urte arte, behintzat), eta ibai horrek saihesten zuela aintziran gatzak pilatzea. Une batean, ordea, ibai hori lehortu egin zen, nonbait, eta aintzira sistema itxi bat izatera pasatu zen. Harrezkero, lurrunketaz bakarrik galduko zuen ura aintzirak, eta, horren eraginez, ura gero eta gaziagoa izango zen. Hortaz, gazitasun-aldaketak ez luke balioko Saharan gertatu zen klima-aldaketa adierazteko, ekosistema irekia izatetik itxia izatera pasatzeak eragin baitzuen aldaketa, ez klima-aldaketak zuzenean.

Aintzirako sedimentuetako polen-erregistroan islatuta gelditu da --ikertzaileen esanean-- pixkanaka gertatu zen prozesu bat izan zela sabanako landareak desagertu eta basamortuko landareak agertzea: orain dela 4.300 urte arte sabana izan zen nagusi Saharan; belarrez jositako eremu irekia zen, eta akazia-espezie batzuk zeuden sakabanatuta.

Hala ere, orain dela 5.600 urte hasi zen landaredia aldatzen. Garai hartakoak dira Saharako lehenengo landare erdibasamortutarrak. Prozesua, dena den, handik mila urtera azeleratu zen. Hain zuzen, ikusi dute gero eta belar-polen gutxiago iritsi zela sedimentuetara orain dela 4.800-4.300 urte, eta horri eman dioten azalpena da orduan hasi zela belarra bakantzen.

Gainera, sedimentuetako hondar-kantitateak asko egin zuen gora orain dela 3.700 urtetik aurrera, eta horrek adierazten du, ikertzaileen ustez, haizea hondar-kantitate handiagoa mugitzen hasi zela, hau da, landaredi-estaldurak behera egin zuela. Eta landare erdibasamortutarrak orain dela 3.900-3.100 urte hasi ziren nagusitzen.

Benetako basamortuetako landareak, berriz, orain dela 2.700 urteko sedimentuetan aurkitu dituzte, eta hortik ondorioztatu dute gaur ezagutzen dugun basamortua orduan sortu zela.

(Argazkia: www.fjexpedition.com/A. Zboray)

Aintziraren sedimentuetan behatutako landareen pixkanakako ordezkatze hori --2.500 urteko denbora-tartean deskribatu dute-- ez zen posible izango orain gehienek babesten duten ideia egiazkoa balitz; alegia, klima denbora-tarte txiki batean aldatu izan balitz. Horregatik uste dute artikulu hori idatzi duten zientzialariek oraingoz zabalduen dagoen teoriak okerra izan behar duela.

Klima-aldaketak aztertzearen zailtasunak

Ikertzaile horiek ematen dituzten datu guztiak ikusita, badirudi nahikoa zantzu dituztela esateko Yoa aintziraren inguruko basamortutzea mantso gertatu zela. Baina, zilegi da eremu zehatz horretan gertatutakoa Sahara osora zabaltzea?

Aditu askoren ustez, ez, eta ez dute uste hori bezalako ikerketa zehatz batek iraultzarik eragingo duenik Afrikaren iparraldeko klima-aldaketa nola gertatu zen ulertzeko eran. Hala ere, uste dute hainbat ekarpen interesgarri egin dituela; besteak beste, landarediak inguruneko aldaketei nola erantzuten dien ikusi dute, eta zenbat denbora behar duten horren aurrean erreakzionatzeko.

Egia esan, inork ez daki benetan zer gertatu zen Saharan sabana berde bat izatetik basamortu lehor bat izatera pasatzeko. Ereduak egiten dituzte hainbat iturritatik jasotako datuen bidez, hala nola atmosferatik, ozeanoetatik, lurrazaletik, bizidunetatik, izotzetik eta Eguzkiaren energiatik. Eredu horiek adierazten dute --eta badirudi ikertzaile gehienak ados daudela horretan-- planeta mailan gertatu zen aldaketa batek eragin zituela garai hartako inguruneko aldaketak.

Antzinako sedimentuak horrelako hodietan bildu zituzten. Irudiaren behealdean, urtetik urtera metatuko hondar-geruzak ikus daitezke.
© S. Kröpelin/Koloniako Unibertsitatea
Dirudienez, orain dela 6.000 urte inguru, Lurraren biratze-ardatzaren inklinazioa aldatu egin zen, eta, horren eraginez, eguzki-izpiak beste modu batera jotzen hasi ziren Lurrean --leku batzuetan zuzenago, eta besteetan zeiharrago--. Horrekin batera, planetan beroa eta hezetasuna sakabanatzen dituen zirkulazio atmosferikoa ere mugitu zen. Sahararen kasuan, ordura arte euriz hornitzen zuen montzoiak hegoalderantz egin zuen, eta antizikloi iraunkor bat ezarri zen Sahararen gainean. Harrezkero, inguru horretako lurruntze-tasa prezipitazio-tasa baino handiagoa bilakatu zen, eta horrek eragin zuen basamortua agertzea.

Basamortutze hori nola gertatu zen eta zenbat denbora iraun zuen argitzeko, asko lagunduko luke Yoa aintziraren antzeko ezaugarriak dituzten beste aintzira batzuk aztertzeak; hala, leku askotan izango lituzkete aintzira horrek eskaintzen dituen datu zehatzak, eta, denek ematen duten informazioa elkartuta, errazagoa litzateke iragana berreraikitzea. Baina ez dago horrelakorik; Yoa aintzira da Saharan hainbeste urtean 'bizirik' iraun duen bakarra (eta besterik baldin badago, ez dute ezagutzen...).

Sabana zenean utzitako aztarnak
(Argazkia: www.fjexpedition.com/A. Zboray)
Aipatutako sedimentuetan agertzen dira, bai, garai batean Sahara sabana bat zela adierazten duten aztarnak (polen-aleak, besteak beste). Baina paleontologoek badute beste bide bat ideia hori indartzeko: sabana zela Saharan bizi ziren gizakiek harkaitzetan egindako irudiak. Orduko giza populazioek inguruan zituzten animaliak ehizatzen zituzten (noski, gaur egun sabanetan bizi diren animaliak ziren: jirafak, hainbat bobido eta abar), eta, ehizatzeaz gain, haien irudiak egiten zituzten. Beheko argazkiak Egipto, Libia eta Sudan artean dagoen Jebel Uweinat mendizerraren arroila batean egin zituzten, Karkur Talh-en, hain zuzen.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
244
2008
7
026
Klimatologia; Paleontologia
Artikulua
24

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia