Barrabiletako minbizia: sendatzearen ordaina
2002/02/26 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Barrabiletako minbiziak jotako asko eta asko sendatu egiten dira eta, gainera, tratamenduaren emaitzak hain dira onak, ezen luzaroan bizitzen baitira. Kalkuluen arabera, % 90etik gora sendatu egiten da, eta pronostiko txarrena dutenen artean ere sendatze-tasa ia % 50ekoa da. Hori dela eta, ikertzaileak gero eta kezkatuago daude gehiegizko tratamenduak gaixoei sortaraz diezazkieen epe luzeko arriskuekin. "Nolabait, gaixoak tratamenduaren arrakastaren biktima bihurtu dira" esan du Fizazi doktoreak.
Minbiziari aurre egin ahala, epe luzeko albo-ondorioak gero eta garrantzitsuagoak bihurtzen ari dira. Horregatik, ikerketek albo-ondorioak leuntzera bideratzen hasi behar dutela uste du Fizazi doktoreak, eta tratamendu posibleak epe luzeko arriskuen arabera sailkatzea komenigarria dela.
Fizazi doktoreak Annals of Oncology aldizkariaren otsaileko zenbakian argitaratutako bi ikerketa-talderen emaitzen karira egin ditu adierazpen horiek. Batean, Alemaniako ikertzaileek kimioterapia jasotako gaixoen osasun-egoera aztertu dute tratamendua jaso eta 13-17 urtera. Bestean, minbiziaren kontrako tratamenduek gaixoen giltzurrunetan izan duten eraginaren berri eman da.
Kimioterapiaren ondorioak bihotzak sufritzen ditu
Essen Unibertsitateko Mendebaldeko Alemaniako Minbizia Zentroko ikertzaileek 30 eta 59 urte bitarteko 32 gaixoren osasun-egoera aztertu dute. Aztertutako gaixoek III faseko ez-seminoma metastasikoa izan zuten, eta zisplatina eta doxorubizina bidezko kimioterapia jaso zuten 13-17 urte lehenago.
Gaixo guztiek osasuntsu sentitzen zirela adierazi badute ere, ikertzaileek arriskutsuak izan daitezkeen albo-ondorioen sorta zabala atzeman dizkiete. Ia heren baten bihotzeko ezkerreko bentrikuluak ez du normal funtzionatzen, bihotzekoa batek bakarrik izan duen arren (erretzailea zen). Hiru laurdenak testosterona-maila baxuaren adierazleak altu dauzka. % 80ren kolesterol-maila eta % 44ren triglizerido-maila espero baino altuagoa da, hain zuzen, bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua handitzen duten faktoreetako bi. Edonola ere, gaixo batek berak ere ez du berriz minbizirik garatu, nahiz eta barrabiletako minbiziarentzako tratamenduak arrisku hori duen.
Ikerketaren buru Strumberg doktorea harrituta agertu da gaixoek garatutako arazo kardiobaskularren aurrean, zisplatina eta doxorubizina ez baitira arazo horien eragiletzat jotzen. Ikertzaileen uste,z litekeena da arazo kardiobaskularrak atzemandako hormona asaldurekin erlazionatuta egotea. "Ikerketa honekin zisplatina eta doxorubizinarekin sendatutako gaixoak osasuntsu bizi direla frogatu dugu, baina, aldi berean, agerian geratu da barrabiletako minbizia gainditu duten gaixoek aukera handiagoa dutela gaixotasun kardiobaskularrak sufritzeko, berriz minbizia garatzeko baino" namarmendu du Strumberg doktoreak; "beraz, pertsona horien pisua, odol-presioa eta kolesterol-maila kontrolatzea komenigarria da".
Giltzurrunaren kaltetan
Norvegiako Radium Ospitaleko Sophie Fossa doktorearen taldeak barrabiletako minbizia gainditu duten 85 gaixoren giltzurrunak aztertu ditu. Gaixoak hiru taldetan banatu dituzte: 14k nodulu linfatikoen ebaketa bakarrik jasan zuten, 18k erradioterapia eta 53k kimioterapia. Gaixoek 1984-88 artean izan zuten minbizia.
15 urte geroago, 25 gaixoren giltzurrunetan asaldurak atzeman dituztela eta horietatik 23 erradioterapia edo kimioterapia jasotakoak zirela nabarmendu dute ikertzaileek. Bestalde, kaltea terapiaren araberakoa dela ikusi dute: erradioterapia jaso zutenen giltzurrunen jarduera % 8 murriztu da eta kaltea 3-5 urteren buruan bihurtu da detektagarria. Kimioterapia jaso zutenen artean, murrizketa % 15ekoa izan da eta tratamendua jaso bezain laster detektatu ahal izan da. Kalte handienak erradioterapia eta kimioterapia batera jaso zituzten gaixoetan atzeman dira.
Giltzurrunetako asaldurak maila aurreklinikoan egon arren, adinean aurrera joan ahala egoerak okerrera egingo duela uste du Fossa doktoreak. Horregatik, beste edozein gaixotasun tratatzeko orduan, botikek gaixo hauen giltzurrunetan izan dezaketen eragina kontuan hartu behar dela esan du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia