}

Barrabas-belar motak Euskal Herrian

2007/05/01 Royo Esnal, Aritz - Biologian doktorea, Lleidako Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aski ezaguna da, batez ere gure baserritarren artean, Oxalis latifolia . Gipuzkoan eta Nafarroan barrabas-belarra izenarekin ezagutzen da, eta Bizkaian Lekeitio belarra deitzen diote. Barrabas-belarra oso hedatua dago gure lurraldean; baina, zenbat barrabas-mota dauzkagu Euskal Herrian?
Barrabas-belar motak Euskal Herrian
2007/05/01 | Royo Esnal, Aritz | Biologian doktorea, Lleidako Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea

(Argazkia: J. Peralta/Nafarroako Unibertsitate Publikoko Herbarioa)
Barrabas-belarra baratzeetan, arto-soroetan eta lorategietan aurkitu dezakegu, eta, izenak ongi adierazten duenez, belar txartzat hartzen da. Minik handiena aurreneko bietan eragiten du, batez ere landatutako landareei lehia gogorra egiten dielako hazkuntzaren aurreneko uneetan.

Landare honen urteko zikloa udaberrian hasten da, apiril-maiatz aldera, udaberriak dakarren tenperatura- igoerarekin lur azpian dauden erraboilak aktibatu eta, sustraiak garatu ondoren, hostoak azaleratzen dituenean. Ondoren, udako hazkuntza gertatzen da: etapa horretan, hosto gehiago eta erraboila txikiak produzitzen ditu. Garai horretan loreak ere garatzen ditu, baina ez du fruiturik ematen zenbaiten ustez, fruituak ez garatzearen arrazoia espezie horren loreen ezaugarrietan datza. Barrabasa hegoamerikarra da, eta jatorrizko lurraldean gutxienez bi lore-mota garatzen ditu (indibiduo ezberdinetan); ernalketa gauzatzeko, mota bateko loreek beste motakoaren polena jaso behar dute. Baina, dirudienez, Europara ekarritako eta hemen zabaldutako populazioa lore-mota bakarrekoa da, eta, hortaz, landareek ez daukate fruitua garatzeko modurik, ezin baitute beren burua ernaldu. Ezaugarri horri heterostilia deritzo.

Udako hazkuntzaren barnean, eta erraboila lur azaletik gertu badago, garatzen dituen sustrai ugarien artean 1, 2 edota 3 loditu egiten ditu. Sustrai horien funtzioa da erraboilak urez eta elikagaiez hornitzea, baina, batez ere, beherantz tira eginez erraboilaren urteroko hazkuntza berdintzea, pixkanaka lur azalera irten ez dadin.

Udazkenean, tenperatura jaisten doan heinean, barrabas-belarra hostoak galtzen doa; garatutako erraboila txikiak erraboila amarengatik banatzen dira, eta aipatutako sustrai lodiak uzkurtu egiten dira. Azkenean, negu aldera, hosto guztiak galdu eta gero, sor-egoeran irauten du, hurrengo urteko udaberrira arte.

Barrabas-belarra (Oxalis latifolia) laborategian.
(Argazkia: A. Royo)

Erraz ezagutzen da barrabasa: hirusta baten antza du (zinez, hiru hostoxka ditu hosto bakoitzak) eta arrosa-koloreko oso lore politak ditu. Hostoak erraboila baten goialdetik sortzen dira, nahiz eta erraboila barruan dagoen eta kono-itxura duen zurtoin batean jaiotzen diren. Hain zuzen ere, erraboila horretan datza barrabas-belarraren kaltegarritasuna. Udaberritik udazkenera arte, erraboilak estoloiak erradialki hedatzen ditu (zurtoin batek ugalketa asexuala egiteko garatzen dituen lur azpiko zein lurrazaleko adarkadurak), eta bakoitzaren muturrean beste erraboila txiki batzuk sortzen dira.

Udazkenean, funtzioa beteta, estoloiak desagertu egiten dira, baina ez erraboilak. Erraboila txiki bakoitzak hazten jarraituko du hurrengo urtean ere, eta erraboila gehiago sorraraziko ditu. Bakoitzak, batez beste, 25 bat erraboila txiki sor ditzake; ondorioz, barrabasaren populazioa hogeita bost aldiz biderka daiteke urtero. Gainera, erraboilen tamaina txikiak asko laguntzen du hedatze horretan. Alde batetik, zaila da erraboilak lurretik bereiztea, eta, beste alde batetik, garraioa izugarri errazten du, konturatu gabe eraman baitaiteke boten edo zapaten azpian geratzen den lurrarekin batera.

Bi barrabas-mota

Gutxienez bi barrabas-mota daude. Batek ertz zuzeneko hostoxkak ditu, arrain baten isatsaren tankerakoak (ingelesez horrela ezagutzen da, fish-tail oxalis), lore arrosak, eta erraboila txikiak sortzen ditu estoloien muturretan. Hori da benetako barrabas-belarra, landareen gidaliburu guztietan azaltzen dena. Besteak bihotz-tankerako hostoxkak ditu, ertz kurbatuekin, loreek arrosa kolore oso argia dute, ia zuria, eta erraboila txikiak erraboila amari itsatsita edo ia itsatsita sortzen ditu. Bigarren barrabas-mota hori Oxalis latifolia Cornwall legez ezagutzen zen orain arte.

Baina Nafarroako Unibertsitatean barrabasaren biologiari eta ekologiari buruzko tesia egin genuenean, bi mota horien arteko desberdintasun gehiago aurkitu genituen, hala nola erraboilen ezkaten kolorea eta zainen kopurua, erraboila txikien produkzio-maila, hezetasunaren edo lehortearen aurreko tolerantzia... Azkenean, argi eta garbi ikusi genuen bi forma edo mota horiek espezie ezberdinak zirela. Gainera, Euskal Herrian sei espezie besterik ez dago (orain arte), baina munduan gutxienez 500 espezie ezagutzen dira Oxalis generoaren barnean, eta horietako asko lorategietan erabiltzen dira; ez litzateke harritzekoa izango espezie horietatik bat gure lurraldera iritsi eta lorategitik ihes egitea.

Hori guztia kontuan edukita, eta bilaketa zehatz baten ondoren, Cornwall izeneko forma O. jacquiniana espeziea dela ondorioztatu dugu. Espezie horren deskribapena Malezas de México izeneko Interneteko aldizkarian dago, eta bat dator Kunth-ek 1821ean egin zuenarekin. Argitalpen mexikarrean dauden argazkiek Cornwall formarenak dirudite, eta O. jacquiniana O. latifolia -tik bereizteko ezaugarriak bat datoz gure tesian aipatzen ditugunekin (ezkaten zain-kopurua, 5 O. latifolia -n eta 3 O. jacquiniana -n). Hala ere, landarearen deskribapena ez dator guztiz bat Cornwall formarekin: loreak biolazeoak direla dio eta gutxitan agertzen dela erraboila txikiz inguratuta.

Edonola ere, bat ez datozen karaktereak azaltzeko modukoak dira. Loreen kolorea aldakorra izan daiteke zinez eta, produktibitateari dagokionez, badakigu Europan landare honek ez duela fruiturik ematen (gogoratu heterostilia); horregatik, litekeena da, ugalketa sexuala egin ezin duenez, erraboila txikien produkzioa handiagotzea. Habitat-motari dagokionez ere bat egiten dute bi espezieek. Mexikoko Heike Vibrans doktorearen arabera, O. jacquiniana -k, O. latifolia -k bezala, harrotutako lurrak atsegin ditu (hain zuzen, horrelako habitatetan aurkitzen dugu gure lurraldean O. latifolia ).

(Argazkia: A. Royo)
Oxalis debilis ; laukitxokoa hostoaren ertzaren handitutako irudia da
Photoshop programarekin eraldatuta, kailuak hobeto ikus daitezen
(Argazkia: A. Royo)

Badago, hala ere, zalantza eragin dezakeen beste espezie bat: Oxalis debilis (= O. corimbosa ). Espezie horrek ere aurreko bien antz oso handia du, eta Euskal Herrian aurki daiteke. Baina haren hostoxken forma ezberdina da: aurreko bietan hostoxken zatirik zabalena goialdean dago, eta O. debilis -enak erdialdean dira zabalagoak; gainera, hostoxken ertzetan, lupaz argi ikusten diren kailu txikiak daude, aurreko bietan ez bezala.

Beraz, datu horietan oinarrituta, baiezta genezake Oxalis latifolia -ren Cornwall forma Oxalis jacquiniana dela. Eta, zergatik ez da jakin orain arte espezie hori Oxalis jacquiniana izan zitekeela? Bada, generoari buruzko lan bibliografikoa ez delako erabat argia.

Akats historikoak

1930ean Knuth-ek Oxalis generoaren monografia bat argitaratu zuen. Zenbait zientzialariren arabera, monografia horrek akats asko ditu: espezie bat baino gehiago izen berarekin azaltzen dira, eta espezie berdin asko izen ezberdinarekin. Horrek generoaren ezagutza nahaspilatu zuen.

Berezkoa: ez dena atzerritik sartu, Euskal Herrian berezkoa; naturalizatua: lorategietatik kanpo aurkitu daitekeena; naturala: berezkoa.
Iturria: Flora del País Vasco y Territorios Limítrofes.

Geroago, 1958an, Young-ek Ingalaterran aurki zitezkeen Oxalis generoaren espezieak deskribatu zituen, eta hura izan zen O. latifolia -ren barruan bi mota aurkitu zituen lehenengo pertsona. Forma tipiko bat aipatu zuen, leku guztietan barrabas-belar gisa agertzen dena, baina bigarren mota bat ere deskribatu zuen, Ingalaterrako Devon eta Cornwall konderrietan ugaria zena. Bi formak hostoxken formaren, loreen kolorearen eta erraboila txikiak sortzeko moduaren arabera bereizten ziren.

Urteak pasatu ahala, zenbait autorek onartu egin dituzte bi mota horiek, eta ez da zalantzan jarri espezie desberdinak izan zitezkeenik. Baina, gure tesian egindako azterketen arabera, Kunth (1821), Knuth (1930) eta Young (1958) autoreen deskribapenak berriz aztertu ondoren, eta Malezas de México aldizkari digitalaren laguntzarekin, Cornwall formaren benetako izena Oxalis jacquiniana dela ziurta genezake orain.

Eskerrak

Nire eskerrik minenak Heike Vibrans doktoreari O. jacquiniana -ri buruz emandako azalpenengatik, betiere azkar eta garbi.

Bibliografia

Knuth, R.
Oxalidaceae.
Das Pflanzenreich,
ed. A. Engler, IV, P. 130. 1930.
Kunth, K.S.
Oxalis latifolia, O. debilis O. jacquiniana.
Nova Genera et Species Plantarum (quarto ed.). Humbolt, Bonpland Kunth. 1821.
Royo, A.
Biología y Ecología de Oxalis latifolia Kunth: "Efecto de los Factores Ambientales y Culturales sobre su Etiología". Doktoretza-tesia, Nafarroako Unibertsitatea, 217 orrialde. 2004.
URL, Hanon, A.M. Mondragón, J.
Malezas de México, ficha- Oxalis jacquiniana. 2007an kontsultatua. 2005.
Young, D.P.
Oxalis in the British Isles. Watsonia 4: 51-69. 1958.
Royo Esnal, Aritz
3
231
2007
5
036
Botanika
Artikulua
48

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia