}

Barne-odoljarioak detektatzeko teknika

2002/06/07 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


New Jersey-ko Sarnoff enpresak, begiko zainetako odolaren oxigeno-maila neurtuz, barne-odoljarioak detektatzeko gai den gailua prestatu duela iragarri du New Scientist aldizkariak.

Barne-odoljarioak detektatzea biziki zaila da eta, gehienetan, deus egiteko beranduegi denean baino ez dira atzematen. Barne-odoljarioak gertatzen direnean, gorputzak zainak uzkurtu egiten ditu, hil edo bizikoak diren organoetara odola behar beste presiorekin iritsiko dela ziurtatzeko. Hortaz, hasieran ez da odol-presioan jaitsierarik nabaritzen. Odolaren % 25-30 galdu denean gertatzen da jaitsiera bortitza eta, orduan, askotan beranduegi izaten da.

Gailu berriak odoljarioak erraz eta azkar detekta ditzakeela uste du Sarnoff enpresako buru Chris Gregory-k. Dioenez, begiak odoletik hartzen duen oxigeno-kantitateak
zirkulazio-sisteman dagoen odol-kantitatea islatzen du. Begiko arterian zehar ponpatzen den odola oxigeno askoko odola da; oxigenazio-maila % 95 ingurukoa izaten du beti, odoljarioa egon edo ez. Eta begiko ehunek beti
oxigeno-kantitate bera kontsumitzen dute. Baina odol gutxiago dagoenean eskuragarri, hots, odoljarioa gertatzen ari denean, ehunek oxigeno gehiago hartuko dute odoletik eta, beraz, begiko benetatik ohikoa baino oxigeno gutxiagoko odola itzuliko da zirkulazio-sistemara. Gogoratu arteriek odol garbia garraiatzen dutela (oxigenoz eta elikagaiez betea) eta benek, berriz, odol zikina (oxigeno gutxiagokoa eta hondakinez betea).

Sarnoff enpresak asmatutako gailua gai da aipatutako benetako odolaren oxigeno maila detektatzeko. Chris Gregory-ren ustez, oxigeno-maila jaisteak odoljarioa dagoela adieraziko luke.

Gailua laserraz eta lau koloreko argiaz baliatzen da neurketa egiteko. Argi urdin eta berdea igortzen duten laserrak begiko zainak detektatu eta arteriak eta benak bereizteko erabiltzen dira. Beste bi laserrek argi gorria eta infragorria igortzen dute eta oxigeno-maila neurtzeko erabiltzen dira. Oxigeno askoko odola gutxikoa baino gorriagoa denez, desberdin xurgatzen dute laserrek igorritako argia. Mikroordenagailu batek datuak prozesatu eta arteria eta benetako oxigeno-mailak ematen ditu gailuak.

Odoljarioa dagoela jakinda, X-izpien bidez non dagoen detektatu eta tratamendu egokia jartzea baino ez da falta. Tratamendu horiek arrakastatsuak izan ohi dira, eman behar direla jakinez gero. Sarnoff enpresa eskuko gailua egiten ari da orain, lehenak handiegiak baitira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia