}

Barizeak, itsusiak eta arriskugarriak

1988/08/01 Ibarguren Olalde, Karlos Iturria: Elhuyar aldizkaria

"Barizeak" izeneko gaitza ezaguna da; gizonezko eta emakumezkoen hankak itsusitzen dituena. Sortzen dituzten ondorioak ezagutzen ditugu, baina zer dira barizeak?

Sarrera

Barizeak zer diren esplikatzen hasi baino lehen, zenbait kontzeptu argitzea behar beharrezkoa da. Hasi gaitezen beraz, arteria eta benaren arteko desberdintasunak ikusten. Arteriak bihotzetik gorputz guztiko ehunetara odola daramaten hodiak dira. Benek ordea, gorputzeko ehunetatik bihotzera odola itzuli egiten dute.

Garrantzitsua da era berean hurrengo ideia hau ere argi edukitzea: arteria eta benak ez dira elkar batzen. Ez baldintza normaletan behintzat. Bien artean kapilareak daude.

Beraz ideiak gehiago argitzeko: arteriek gure gorputzeko ehun guztietara odol garbia daramate, hauek kapilaretan banatzen dira eta hauek berbatzen direnean, benak eratuko dira. Kapilareen pareta oso mehea denez gero, bertan odolak O 2 eta elikagaiak utzi eta CO 2 eta hondakinak jasoko ditu ehun desberdinen zeluletatik, odol garbia zikin bihurtuz. Odol zikin hau benen bidez biriketara joango da bihotzetik igaro ondoren, han O 2 hartu eta daraman CO 2 utziz.

Ideiak aurreratzea bada ere, esan dezagun barizeak benetako gaixotasun bat direla. Gainera, gehiago zehaztuz, normalean hankeko benen gaixotasuna da. Gaixotasun honen ondorioa zera izango da: benek beren funtzioa behar den bezala ez betetzea; hau da, odola bihotzera behar den moduan ez garraiatzea zangoetan pilatuz.

Bi bena-sistema

Aurrera egin baino lehen beste ideia bat ere argitu behar dugu; gaia menperatzeko nahitanahiez ulertu behar den beste ideia bat.

Gure zangoetan, bi bena-sistema daude: azalekoa eta sakona.

Azaleko bena-sistema gainera, era berean bi bena nagusiz osatua dago:

Barne-safena: Txonkatilaren barru aldean sortu eta zangoaren barru aldetik izterrondoraino igotzen da, hor sistema sakonera batuz.

Kanpo-safena: Txonkatilaren kanpo aldean sortu eta zangoaren atzekaldetik popliteo hutsuneraino (belaunaren atzekaldeko hutsunearaino) igotzen da, hor sistema sakonera batuz.

Sakoneko bena-sistemak, bere izenak dioenez, bere bidea sakonetik (hau da, giharrea artean) egiten du; bere bidean zango guztia behetik gora igaroz.

Beraz guk ikusten ditugun barizeak, azaleko sistemako benek sortzen dituztenak dira. Honek ez du esan nahi sakoneko sisteman agertuko ez direnik; guk nabarituko baditugu ere, ez ditugula ikusiko baizik.

Odola nola dabil?

Zerk bultzatzen du odola hodi hauetan zehar mugitzera? Arterien kasuan, erantzuna erraza da: Bihotzaren taupadak ematen dion indar edo presioak. Baina benen kasuan, gauza ez da hain erraza; faktore zenbaitek bait du garrantzia:

    Bihotz taupadak: Arteria eta kapilaretan indarra galdu badu ere, oraindik garrantzia dauka.
    Bular aldean sortzen den presio negatiboak.
    Giharren uzkurketak: Gure zangoetako giharreen uzkurketak garrantzi handia izango du. Beraz argi dago ibiltzea eta kirola normalean onak izango direla.
  • Balbula-sistemak: Gure benek balbula batzuek dituzte. Honen ondorioz, odola bihotzerantz bakarrik mugi daiteke, atzerako bidea egin gabe. Azaleko sistema sakonarekin komunikatzen duten hodietan ere, balbulak azaltzen dira. Horregatik odola sakonerantz joan daiteke, baina alderantziz ez.

Argi dago lau faktore hauetakoren bat oztopatzen duen edozein gauzek barizeak okertuko dituela; odola zangoetan pilaraziko bait du.

Barizeak zer dira?

Oinarrizko azalpen orokor hauek egin ondoren, goazen barizeak benetan zer diren ikustera eta hauetaz zerbait gehiago jakitera.

Bena batek, barize bezala kontsideratua izan dadin, zabaldua, luzatua eta uhinkatua azaldu behar du.

Bestalde, oso patologia ugaria dela esatea, ez da inorentzat ezezaguna izango. Normalean 18-30 urteko adinaren inguruan azaltzen dira, ondorengo banaketarekin: Gizonezkoetan %30 eta emakumezkoetan %45.

Badirudi emakumetan gehiago azaltzearen arrazoietako bat haurdunaldia izan daitekeela.

Puntu honetara iritsita, beharrezkoa da barizeen sailkapena egitea. Ikusiko dugunez, mota desberdinetakoak bait daude: primarioak, tronboflebitisaren ondorengoak, arteria/benaren arteko fistularen ondorengoak, sakoneko sistemaren oztopoagatik.

Primarioak

Hemen kaltea sortzetikoa litzateke. Aurrean aipatu dugun balbula-sistemak ez zuen bere lana ondo beteko, eta ondorioz, odola bihotzera joan beharrean, atzerantz ere joango litzateke. Gainera odola sistema sakonetik azalekora pasa eta honen benak zabaldu egingo lirateke.

Baina, zergatik ez dira pertsona gazteagoetan sortzen edo azaltzen?. Badirudi, gazteetan kalte hau giharreek egiten duten lanaz konpentsatzen dela. Gainera pertsona heldu batek ordu asko pasatu ditu zutik, haurdunaldiak eduki ditu, etab...

Tronboflebitisaren ondorengoak

Tronboflebitisa zer den aztertzen hasi gabe, sistema sakona oztopatzen duen hodi barneko gatzapena dela esanda utziko dugu. Odolak sistema sakonean zirkulatu ezin duenez, azaleko sistematik pasatuko da. Beraz argi dago kasu honetan ezingo ditugula azaleko sistema osatzen duten benak kendu. Bestela odolak ez luke bihotzera bueltatzeko biderik aurkituko eta hanketan pilatuko litzateke.

Arteria/benaren arteko fistularen ondorengoak

Lehen aipatu dugu arteria eta benen artean kapilareak azaltzen direla. Edozein arrazoigatik kapilare hauetatik igaro gabe zirkuitulaburra sortzen bada, odola benara presio handiz iritsiko da, hau zabalduz.

Sakoneko sistema oztopoagatik

Edozein egoeratan sistema honetako zirkulazioa oztopatzen bada, odola azaleko sistematik joango da.

Oztopoak mota askotakoak izan daitezke: Kirurgi-ebaketa batean benak lotzea, benak presionatzen dituen tumore bat, loditasuna...

Zeinu klinikoak

Zeinu nagusiak oso argiak direnez, normalean gaixo berak diagnostikoa egina dakar.

Lehen zeinua, benen zabalkuntza uhinkatua izaten da. Ondoren, hanka astunak eta nekea nabaritzen dira, hauek zutik egotearekin areagotu eta aratinik (etzanda ahoz gora) egoterarekin hobetzen direlarik; hankak altzatuta batez ere.

Denbora igaro ahala, zabalkuntza handitu, edema, zianosia, pigmentazioa eta ultzerazioak azalduko dira.

Molestiak, beroak areagotzen ditu, eta zer esanik ez, haurdunaldiak.

Barizeen ondorioak

Baina zein da barizeen problema? Estetikoa besterik ez al da? Barizeek estetikoki ematen dituzten arazoez gain, beste arrisku batzuk ere badituzte, hauen arteko hiru aipatuko ditugularik.

Odol-isuria: Barizearen pareta ez da beste hodiena bezain sendoa. Beraz batere kolperik jaso gabe edo oso kolpe txikiekin erraz puskatzen dira.

Tronboflebitisa: Odola hodi arraro hauetan errazago gatzatzen da.

Birika-enbolia: Lehen sortu diren tronbo hauek, kaba benatik bihotza igaro eta biriketaraino igo daitezke. Hor hodi finagoan geldituko da odola igarotzen utzi gabe. Honen ondorioa argi dago ez dela batere ona. Dena den konplikazio hau oso arraroa da.

Tratamendua

Tratamendua aipatzen hasi baino lehen, ikus dezagun bere eboluzioa atzeratzeko zein neurri har daitekeen:

    Benen gutxiegitasuna dagoenean, benda konprimatzaileak edo panty elastikoak jar daitezke.
    Ahal den denbora gutxiena igaro behar da zutik; tartean etzan eta hankak altxatuz.
    Loditasuna kontrolatu.
    Janarietan gatz gutxi erabili.
    Oheko hanken aldea, 14-15 cm inguruko takoez altxatu.
  1. Benentzako tonikoak eta diuretiko-motaren bat erabiltzea ere komenigarria gerta daiteke; guzti hau medikuaren kontrolpean noski.

Baina azaldu direnean, zer egin? Tratamendu desberdinak dauden arren, oso garrantzitsua da sistema sakon iragazkorra dela ziurtatu gabe barizeak sekula ez ditugula kenduko berriro azpimarratzea.

Teknikarik erabilienak, hauek dira:

Striping delakoa: Hitz gutxitan esanda, benaren barruan hagatxo bat sartu eta honen bidez bena kanporatzea da.

Benaren barruan substantzia esklerosanteak sartuz, hauek deuseztea.

Teknika konbinatua: Bi aurrekoen batura litzateke.

Kirurgikoki banan-banan ere ken daitezke.

Beste batzuek ere badaude, baina hauek ezagutzea nahikoa iruditzen zaigu.

Hau da hitz gutxitan esanda barizeen sorrera eta eboluzioaz gaingiroki adieraz dezakeguna. Geure osasunaren onerako, guztioi komeni zaigu arazo hau kontutan hartzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia