
Animalia askok dute jan gabe luzaro irauteko gaitasuna. Baraualdi luze horri aurre egiteko, metabolismoa moteltzen dute, gorputzaren tenperatura jaitsi... estrategia bat baino gehiago dago. Bada, sugeek baraualdietan duten estrategia ezagutu nahi izan dute, eta ezusteko bat baino gehiago jaso dute.
Sugeen baraualdia ikertzeko, hainbat kriskitin-suge, pitoi eta arratoi-suge (Elaphe obsoleta) erabili dituzte Arkansas-eko Unibertsitatean. Elikagairik eman gabe eduki dituzte 168 egunez, eta gorputzaren tenperatura ez jaistera behartu dituzte, laborategia 27 ºC-an mantenduta. Egoera horretan, sugeen arnasketari erreparatu diote, eta ikusi dute oxigeno-kontsumoa % 72 txikiagoa dela baraualdian.
Hortaz, ikertzaileek uste zutena baino askoz gehiago moteltzen dute metabolismoa sugeek. Eta bereizten dituen beste aurkikuntza bat ere egin dute. Baraualdian, animaliek eskuarki lipidoa erabiltzen dute energia lortzeko, eta, gorputz-masaren % 10 baino gehiago galduz gero, hiltzeko arriskua dute. Sugeek, ordea, masaren % 5 galdua dutenean, lipidoak erre beharrean proteinak erretzeari ekiten diote, eta horrek bizitzeko aukera handiagoa ematen die, antza.
Argazkia: J. Servoss, Estatu Batuetako Arrantza eta Basa-bizitza Zerbitzua.
Rementeria Argote, Nagore
Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera. Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da, ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.