}

Banakotasunaren bila geneetan

2008/03/31 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Gizaki modernoa Afrikan sortu zen, eta handik mundu osoan hedatu zen, gaur egun egiatzat jotzen den Out of Afrika edo Afrikatik kanpora teoriaren arabera. Nola gertatu zen, ordea, sakabanaketa hura? Hau da, n ondik nora iritsi da munduko gizaki bakoitza orain dagoen lekura? Nature eta Science aldizkarietan argitaratu dituzten bi ikerketatan, mundu osoko 50 talde geografikotako pertsonak aztertu dituzte; zehazki, 1.423 pertsona guztira. Aipatzekoa da bai talde batek eta bai besteak aztertu duten taldeetako bat euskaldunena dela. Genoma guztien analisia eta konparazioa egin, eta migrazio-eredu bat proposatu dute.
Banako bakoitzak bere arbasoen arrastoa jasotzen du genoman, han pilatzen baitira hainbat eta hainbat belaunalditan gertatutako aldaketak. (Argazkia: M. R. Vogt) .

Gizaki guztiak berdin-berdinak gara genomaren % 99,9an; gelditzen den ehuneko txiki horrek ematen dio banakotasuna bakoitzari. Banakoen arteko desberdintasunak identifikatzeko, DNA-puska jakin batzuetan nukleotido bakarreko desberdintasunak bilatu zituzten bi taldeek (SNP edo nukleotido bakarreko polimorfismoa esaten zaie desberdintasun horiei).

Bostehun mila DNA-puskatan baino gehiagotan bilatu zituzten horrelako desberdintasunak, eta, ondoren, elkarren artean konparatu zituzten genoma guztiak. Ikusi zuten konparazio horretatik banakoen eta populazioen joan-etorri geografikoei jarrai dakiekeela.

Migrazioak, geneetan gordeta

Pertsonen leku-aldaketei jarraitu diete genoman dituzten aldaketak aztertuta. (Argazkia: N.A. Rosenberg)

Banako bakoitzak bere arbasoen arrastoa jasotzen du genoman, han pilatzen baitira hainbat eta hainbat belaunalditan gertatutako aldaketak. Norbait munduaren leku batetik bestera mugitzen bada, berekin eramaten du genoma, eta bere ondorengoei ematen die, aldaketa eta guzti. Hala, pertsonen leku-aldaketei jarrai dakieke genoman dituzten aldaketak aztertuta.

Batzuetan aldaketak handiak izaten dira, hau da, gene bat aldatuta sortzen den produktua oso desberdina da jatorrizkoarekiko. Aldaketa hori izan duen pertsonek nabaritu egingo du aldaketa hori, bere gorputzaren alderen batean. Beste batzuetan, ordea, geneen aldaketak oso txikiak dira; adibidez, genomaren nukleotido bakar bat aldatzen da. Horrelakoetan, gerta daiteke horretatik sortzen den produktua aldatzea edo ez aldatzea (sekuentzia batek baino gehiagok produktu bera eman baitezakete). Aldatzen ez denean, pertsona horri ez dio ezertan eragiten, eta aldaketa hori genoman gordeta gelditzen zaio, besterik gabe.

Bi talde horien analisiek egiaztatu dute munduan dauden talde guztiek antz handia dutela, eta adierazi dute pertsona gehienen arbasoak kontinente batean baino gehiagotan ibili izan zirela, gaur egun duten kokapena izan arte.

1.000 genoma proiektua

Gizakien arteko aldakortasuna ezagutu nahi dute, hau da, gizakiek elkarrekiko desberdina duten % 0,1 hori zertan datzan. (Irudia: U.S. Department of Energy)

Argitaratu berri dituzten gene-azterketa horiek orain arteko zorrotzenak dira, baina ez dute luze iraungo izendapen horrekin, asmo handiko beste proiektu bat jarri baitzuten martxan urtarrilaren bukaera aldera: 1.000 genoma proiektua . Proiektuaren izenak berak adierazten duen bezala, mila lagunen genoma oso-osorik sekuentziatzeko asmoa dute.

Sekuentziatzean, ez dituzte nukleotido bakarreko desberdintasunak bakarrik identifikatuko; horiez gainera, genometan tarteka gertatzen diren berrantolaketak, genoma-zatien desagertzeak, bikoizketak eta abar ere hautemango dituzte.

Gizakien arteko aldakortasuna ezagutu nahi dute, hau da, gizakiek elkarrekiko desberdina duten % 0,1 hori zertan datzan, genomaren zati txiki horrek eragiten baitu banako bakoitzaren gaixotasunekiko sentikortasuna, botikekiko erantzuna edo inguruneko faktoreekiko erreakzioa modu batekoa edo bestekoa izatea.

Inoiz lortu duten aldakortasun genetikoaren maparik osoena lortuko dute proiektu horretan. Dena den, batek baino gehiagok zalantzan jarri du behar bezala egingo ote duten, uste baitute txikiegiak direla ezarri duten denbora-epea (hiru urte) eta inbertituko duten diru-kopurua (30-50 milioi dolar). Zalantzarik gabe, oraingoz martxan jarritako proiektu handiena da; ikusteko dago, dena den, iritsiko ote den inoiz egindako proiektu handiena izatera. Denbora-kontua da.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia