Ez dago zalantzarik hesteetako mikrobio-komunitateen osaketa, dietaren araberakoa dela, neurri handi batean; baina, ez guztiz. Pandarena, esaterako, adibide esanguratsua da. Banbua besterik ez du jaten, baina pandaren hesteetako mikrobiotak antza gehiago du hartzenarekin, antzeko dieta duten ugaztunenarekin baino. Hartzek dieta erabat desberdina dute, baina panden ahaide hurbilenak dira. Beraz, badirudi arbasoetatik jasotako herentziak baduela zerikusia pandaren hesteetako mikrobiotaren osaketan.
Pandek bezala, ahaide ebolutiboen dietatik aldendu ziren baleak ere. Izan ere, baleek lehorreko ugaztun belarjaleetan dute jatorria; behien eta hipopotamoen arbaso beretik eboluzionatu zuten. Eta ikerketa berri honetan argitu dutenez panden antzeko zerbait gertatu da baleen hesteetako mikrobio-komunitateekin.
Hiru bale-espezieren gorotzetan zeuden mikroorganismoen geneak aztertu dituzte, eta lehorreko hainbat ugaztunekin konparatu. Eta ikusi dute, baleen mikrobiotaren osaketa belarjale lurtarren antzekoa dela. Dena den, haragijaleak izaki, haragijale lurtarrekin ere badituzte parekotasun batzuk.
Ikertzaileek uste dute litekeena dela baleen urdail-hesteen egiturak ere baldintzatzea mikrobiotaren osaketa. Izan ere, lehorreko hausnarkarien gisako ganbera anitzeko egitura dute baleek ere. Gainera, uste dute egitura horri eta belarjaleen antzeko mikrobiotari esker, krustazeoen oskolean ugaria den kitina digeritzeko gaitasuna izan dezaketela baleek.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.