Baleen ekolokazio goiztiarra, buru-hezur fosil batean
2014/04/01 Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
28 miloi urte dituen balea fosil bati esker, zetazeoen ekolokazioa oso goiz garatu zela ikusi du ikertzaile-talde batek, Nature aldizkariak argitaratu duenez. Kalifornian aurkitutako fosila, Cotylocara macei espezie berrikoa, oligozenokoa zen, eta ezaugarri anatomikoen azterketak erakutsi du ekolokazioa baliatzeko egokituta zegoela: hezurren dentsitate-aldaketak eta airearentzako barrunbeek hala ematen dute aditzera.
New Yorkeko Teknologia Institutuko Medikuntza Osteopatikaren Eskolako ikertzaile-talde batek egin du aurkikuntza. Haien esanean, gutxienez duela 32 bat milioi urte bereizi zen iraungitako familia batekoa da aurkitutako fosila. Horrek esan nahiko luke ekolokazioaren forma primitibo batek lehenago eboluzionatu zuela, Cotylocara familiako baleak eta gaur egungo horzdun baleen arbaso komuna bereizi aurretik, duela 32 eta 35 milioi urteren artean. Ikertzaileek nabarmendu dute fosilaren aurkikuntzak baleen dibertsifikazioa gertatzen ari zen garaian kokatu duela ekolokazioaren eboluzioa, "garai hartan ari ziren aldatzen baleen gorputzaren tamaina, garunaren tamaina erlatiboa eta elikadura patroiak", adierazi dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia