}

Balearen entzumen-sistema berezia

2002/05/09 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Balea handiek igerian egiteko duten erraztasuna berezitasun anatomiko batengatik omen da. Rich Lane AEBetako Zientzia Fundazio Nazionaleko zuzendariak eginiko azken azterketak dio baleak duela 10 milioi urte bihurtu zirela igerilari bizkorrak.

Zientzialarien ustean, baleen arbasoak lurtarrak ziren: itsasora elikatzera eta animalia harrapariengandik ihesi baizik ez omen ziren hurbiltzen. Baleak poliki-poliki beraien gorputz-adarrak galtzen joan ziren, eta ozeanoan barna bizitzen ikasi zuten. Baina nola ohitu ote ziren ingurune berri hartan bizi eta mugitzera?

Nature aldizkariaren aburuz eta ikertzaile anitzen iritziz, baleak itsas ingurunera egokitzearen sekretua beraien belarri barneko sistema berezian datza. Baleek, guk ez bezala, nolabaiteko oreka ematen dien ugaztun lurtarren sistema erdi-zirkularra darabilte. Animalia horien belarriak uretan sartu bezain azkar, oso bizkor eta anitz garatu ziren. Ziztu bizian ikasi zuten igerian, urari eta abiadari inongo beldurrik gabe. Gainera, beraien entzumen-organoaren sistema bereziari esker ez zuten, eta ez dute oraindik ere, sekula zorabio-arazorik jasan.

Zientzialari anitzek, gezurra badirudi ere, izurdea bezalaxe balea modernoa ere animalia akrobatikotzat dute. Elefante erraldoi batek ez bezala, pisu handia izan arren bizkortasun handia du baleak. Jatorriz lurtarra dela dioten animaliak itsasoan norabidez azkar alda dezake, 180º-ko mugimendua oso segundo gutxitan egin lezake. Zalutasun hori berekin daraman entzumen-sistema bereziagatik omen da.

Rich Lane paleontologo estatubatuarrak organo batzuen mekanismoa ingurune jakin batzuetan beste batzuetan baino gehiago garatzen dela ondorioztatu du baleen azterketa adibidetzat hartuz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia