Balea-ehiza: zientziaren izenean zuritzen den jarduera
2002/04/07 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Nazioarteko araudiaren arabera, 1986tik ikerketarako soilik dago baimenduta balea ehizatzea. Baina Japoniak ongi jakin du debeku horri aurre nola egin eta, 1987an, baleen inguruko proiektu zientifiko bat abian jarri zuenean, ez zen inor harritu. Horrela, Zetazeoak Ikertzeko Institutuko kideek Ozeano Pazifikoan baleak ehizatzeko baimenak lortzen dituzte, betiere ikerketa zientifikorako beharrezkoak direla argudiatuz.
Japoniarren esanean, espeziearen jokaerak ongi ulertzeko gutxienez 440 balea hil behar dira eta beraiek, aitzakia horrekin, urtean, 500 balea inguru ehizatzen dituzte. Baina Japoniarren jokamoldean herrialde ugarik gaitzesten dute, eta, gainera, Australiako zientzialariek hil gabe baleak ikertzeko metodoa landu dute. Ikerketa baleen gorotzen analisian oinarritzen da, eta horren bidez datu garrantzitsuak lortzen dira: zer jaten duten, zein diren haien digestio-aparatuko bizkarroiak... Gainera, balea zehatz mehatz identifikatzeko, DNAaren azterketa egin daitekeela diote.
Baleak ozeanoaren azaleratik hurbil libratzen dira eta ikertzaileek sareetan biltzen dituzte gorotzak. Metodoa balea akabatuta egiten den azterketa baino merkeagoa eta sakonagoa dela argudiatu dute, eta, beraz, Nazioarteko Baleen Batzordean (IWC) aurkeztu dute. Bide batez, noski, baleak babestea dute helburu.
Dena dela, Japoniako Zetazeoak Ikertzeko Institutuko zuzendari Seiji Ohsumi-ren esanean, Ipar Ozeanoan urtero 2.000 balea ehiza daitezke ehun urtez populazioari kalterik eragin gabe. Erraz ulertzen da zuzendariak horrelako adierazpenak egitea, ehiza horiekin institutuak urtero 15.750.000 euro, hau da, bere aurrekontuaren % 90 inguru, irabazten duela jakinda.
Balea-haztegia Hirado badian
Orain, ikerketak aurrera eramateko, Japoniako hegoaldean dagoen Hirado badia itxi eta bertan ehunka balea sartzea pentsatzen ari da Zetazeoak Ikertzeko Institutua. Badia sare erraldoien bidez itxiko lukete, eta libre dauden baleak harrapatzeko tranpak jartzea ere ez dute baztertzen. Haztegiak ikerketarako gunea eta turistek bisitak egin ahal izateko instalazioak ere izango lituzke.
Institutuaren arabera, ikerketen helburua baleen ugalketa-prozesua eta elikadura-ohiturak definitzea izango da, aurrerantzean, beste arrain asko hazten den bezala, baleak ere hazteko. Institutuko zuzendariaren hitzetan, haztegi hori sortzea ametsa egia bihurtzea izango da.
Baina guztiek ez dute proiektua begi onez ikusi. Naturazaleen ustez, argi eta garbi dago proiektu horrek ez duela batere interes zientifikorik. Izan ere, baleak arrain migratzaileak dira eta, beraz, ezinezkoa da leku itxi batean beren jokaera aztertzea. Beraien ustez, haztegiaren benetako interesak balea-ehiza dela eta nazioarteak Japoniari egiten dizkion kritikak gutxitzea eta balearen urina eta okela eskala handian komertzializatzea dira.
Ehiza legeztatzeko eskaera
Herrialde askok balea-ehiza kritikatzen badu ere, Japonia ez da ehiza horren alde dagoen herrialde bakarra. Norvegia, Islandia eta Groenlandia ere balea-ehiza debekatzen duen luzamendua kentzearen alde daude. Japoniak iaz galdatu zuen balea urdina baino bi aldiz handiagoa den Bryde-ko balea ehizatzeko eskubidea. Nazioarteko Baleen Batzordeak ez zion horretarako baimenik eman eta, hala ere, Japoniak entzungor egin eta Bryde-ko balea ehizatzeari ekin zion.
Norvegiak ere balea esportatzeko eskubidea eskatu berri dio NBBri, eta Islandiak eta Groenlandiak, balea urdinak nahikoa ugaldu direla argudiatuz, berriz ere ehizatzen hasteko galdea egin dute. NBBk ezezko birila eman die eskaera guztiei, baina ikusi egin beharko da noiz arte eutsiko dion jarrera horri. Izan ere, Japoniak batzordeko kide batzuk bere alde bozka dezaten erosi egin dituelako zurrumurruak plazaratu dira.
Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia