}

Bakteriofagoak txerto merkeak egiteko

2003/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

DNAren zati soilen ordez, bakteriofagoak erabili dituzte B hepatitisaren aurkako txertoak egiteko Britainia Handiko Moredun Ikerketa Institutuan. Horri esker, txertoak egiteko prozesua merkatzea eta erraztea espero dute.

Bakteriofagoak bakterioak infektatzen dituzten birusak dira; gizakiari, aldiz, ez diote inolako kalterik egiten. Ikertzaileek B hepatitisaren geneak sartu dituzte bakteriofagoetan; horiekin saguak txertatu eta sortzen duten erantzun immunea neurtu dute.

Gero, DNAren zatiekin lortzen den erantzunarekin alderatu dute. Bakteriofagoak askoz ere eraginkorragoak direla ikusi dute: erantzun bera lortzeko, bakteriofagoak DNAren zatiak baino ehun aldiz gutxiago izanda nahikoa da. Gainera, bakteriofagoetan sartutako DNAren zatiak babestuta daudenez, DNAren zati soilek baino denbora gehiago irauten dute. Bestalde, bakteriofagoak oso azkar ugaritzen dira, eta horrek asko merkatzen du ekoizpena. Beraz, badirudi ikerketa horrek txertoak egiteko bide egokia ireki duela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia