Bakterioen bidezko argazkiak
2005/11/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Ingeniaritza genetikoko esperimentu bat egin dute Texasko Unibertsitateko ikasleek, material biologikoarekin argazkiak egiteko.
Hesteetako bakterio ezagun bat eraldatu dute, Escherichia coli izenekoa, argia jaso dezan eta irudi bat sor dezan. Bakterio horrek ezin du berez argi-sentsore gisa jokatu; horregatik, lehen urratsa izan da bakterioari fotosentikortasuna eragitea. Horretarako, alga fotosentikor baten proteina bakterioaren beste proteina batekin lotu dute. Bigarren proteina horrek bakterioaren geneak aktibatzeko ahalmena du. Bi proteina horien konbinazioak argirik ez dagoenean, gene bat aktibatzen du.
Baina, zer gene aktibatzen du? Bada, aktibatzean pigmentu beltz bat ekoizten duen proteina baten genea. Hain zuzen ere, gene hori sistema horretara egokitzea izan da bigarren urratsa. Horrela, argia jasotzen badu, bakterioak ez du pigmenturik ekoizten, eta, ilunpetan badago, berriz, belztu egiten du ingurua.
Beraz, horrela eraldatutako bakterioak erabilita, argazki-film bat egin ahal izan dute. Filma egin, eta argazkia atera. Emaitza irudian ikusten da.
Argazkia: Aaron Chevalier and Nature