}

Bakterioak, gero eta erresistenteagoak

2002/07/29 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Estatu Batuetako ospitale batean, bankomizina antibiotikoarekiko erresistentea den bakterio bat aurkitu dute.


Stratophylococcus aureus bakterioa bankomizinari erabat erresistente bihurtuko zela 1987an iragarri zen; adituen ustez, denbora-kontua zen. Orain, iragarpena bete egin da: Michigango paziente batean ikusi da. Bakterioa oso ohikoa da, baina orain arte bankomizinaren bitartez kontrolatu da.


Bakterio hori tratatzeko lehendik erabiltzen zen metizilinarekiko erresistentzia garatu zuelako erabiltzen da gaur egun bankomizina. Baina, medikuen ustez, konponbide horrek ez zuen luzaro iraungo, S. aureus bakterioa enterococcus -a izaten den infekzio berberetan izaten delako, eta bigarren bakterio hori aspaldidanik delako bankomizinarekiko erresistentea. Erresistentzia batetik bestera pasatzea denbora-kontua besterik ez da izan.


Antibiotikoen garaiaren bukaera


1928. urtean Sir Alexander Fleming eskoziarrak penizilina aurkitu zuenetik, gizakiak bakterioak hiltzeko arma kimiko bat izan du. Penizilina, zefalosporina eta beste antibiotiko-mota asko erabili dira bakterioek sortutako gaixotasunak tratatzeko. Ondorioz, erabat hilgarriak ziren infekzioak kontrolatu eta suntsitu dira botika horien bitartez. Horregatik, antibiotikoen aurkikuntza medikuntzaren unerik garrantzitsuenatzat jo izan da askotan (batzuetan zientzia osoarena).


Hala eta guztiz ere, azken urteotan bakterioek 'ikasi' egin dute antibiotikoei nola egin aurre. Antibiotikoak gehiegi erabili dira, ia infekzio guztietan, eta tratamendua bakterio-ale guzti-guztiak hil arte hartzen ez bada, erresistentzia garatzen dute. Ondorioz, bakterioak, pixkanaka, edozein antibiotikorekiko ari dira erresistente bihurtzen. Gizakiak antibiotiko sintetiko berriak egin eta probatzen ditu, baina ez da epe luzea igarotzen bakterioek horiek ere menderatzen dituzten arte. Horregatik, garai batean erabat kontrolatu ziren gaixotasunak epidemia berrietan azaltzen dira.


Beharbada, bakterioen infekzioei beste estrategia batez egin beharko zaie aurre; beharbada, antibiotikoen garaiaren bukaera iristen ari da, eta Flemingek aurkitu zuena mende baterako irtenbidea izan da soil-soilik. Antibiotikoek zientziaren historian duten ospea eta izena galdu dezakete hemendik urte batzuetara.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia