Bakoitza bere sorlekuan geldituko balitz...
2001/02/18 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Australiako faunaren eta floraren kalterako izan ziren bi hanka-sartze handi 1925ean eta 1935ean egin ziren. 1925ean Opuntia humifosa deituriko kaktusaren inbasioa geldiarazteko intsektu bat sartu zuten eta 1935ean, berriz, azukre-kanabera jaten zuten kakalardoen aurka, Hego Amerikako apoa. Lehena, landare baten kalterako, eta bigarrena, faunaren kalterako; batek ondorio lasterrak eragin zituen, bestearenak igertzeko 60 urte itxaron behar izan da; baina bi espezieak Queensland eskualdean sartu ziren eta biek ekarri dute oreka ekologikoa galtzea.
Laborariak irtenbide bila
Ez da erraza nekazaritza-eskualde batean ekoizpena eragozten duten arazoei aurre egiteko zein irtenbide hartu behar den esatea. Izan ere, nekazariek makina bat arazo edukitzen dituzte eta pestizida eta herbiziden aurkako jarrera argia bada ere, maiz ez zaie beste irtenbiderik eskaintzen. Hala ere, Australian behin baino gehiagotan asmatu dute behin-behineko arazoei aurre nola egin, nahiz eta ez dituzten beren ekintzaren epe labur eta luzeko ondorioak ongi neurtu.
Adibidez, 1925 aldera, batez ere Queensland aldean, nekazariek Opuntia humifosa kaktusari egin behar izan zioten aurre. Eskualde horretan, 24 milioi hektarea zeuden kaktusez josiak eta ezinezkoa zen lur-eremu horiek lantzea eta nekazaritzan jardutea. Horregatik, inbasioa gelditu nahian Argentinatik, Cactoblastis cactorum intsektuaren 2.750 arrautza eraman zituzten. Kasu honetan naturak oso laster egin zuen lan eta urte baten buruan, 2,5 milioi arrautza eta 2,25 milioi intsektu zeudela kalkulatu zen. 1930ean kaktusen deuseztapen masiboa agerikoa zen. Gaur egun, kaktus-espezie hori oso gutxi ikusten da eta intsektu hori, berriz, neurri gabe hedatu da.
Ez da hori, Australian sartu izan den espezie bakarra, ez eta gutxiago ere. 1935ean, azukre-kanaberaren ekoizpena arriskuan jartzen zuten kakalardo-kopurua handia zela eta, ekoizleek zerbait egiteko asmoa agertu zuten. Horretarako, garai hartan produktu kimikorik ez zutela eta, kakalardojale amorratuak diren Hego Amerikako apoak (Bufo marinus) eramatea bururatu zitzaien. Bururatu eta egin. Queensland eskualdean ordu arte arrotzak ziren Hego Amerikako apoak sartu zituzten. Kasu horretan, naturak eta gizakiak bi erritmo desberdin erakutsi dituzte. Izan ere, duela 65 urte intentzio onez eta inuzenteki sartutako espezie hori, gaur egun, ikaragarrizko abiaduran ari da hedatzen. Adituek diotenez, apo-espezie hori urtero Australiaren erdialderantz eta ipar-ekialderantz 30 kilometro irabazten ari da eta, oraingoz behintzat, nahiz eta ideia batzuk izan dituzten, ez dute irtenbide egokirik aurkitzen.
Ez da irtenbide egokirik kausitzen
Ikusi denez, laborarien ekoizpenak babesteko pestizida eta herbizidak erabiltzea ez da irtenbide egokiena izango, baina espezieak leku batetik bestera eramatea ere ez da nola nahi egin behar, sor daitezkeen inbasio berriak geldiaraztea ez baita erraza.
Australiako lautada handietan, Cactoblastis cactorum intsektuak ez du batere oztoporik aurkitzen eta, orain, kaktusaren arazoa zena intsektuaren arazo bihurtu da. Intsektua hilko duen pestizida egokia topatzen saiatu dira, baina ez da komeni pestizidak gehiegi erabiltzea, faunaretzat ere arriskutsua izan baitaiteke.
Bestalde, Hego Amerikako apoaren inbasioari dagokionez, apoaren kalterako beste espezie bat sartzea pentsatu zuten lehenik. Ideia, berez, ona bada ere, arazo larri bat dago: apo horiek harrapariak hamabost minutuan hiltzen duen pozoi arriskutsua dute. Gainera, apoa bezala, bere arrautzak eta zapaburuak ere pozoitsuak dira. Horregatik, krokodilo eta harrapari handiak ez ezik, arrain eta txoriak ere kopuru handian hiltzeko arriskua dago. Pozoi hori oso eraginkorra da eta apoak bere harrapakina ehizatu ondoren hiltzeko ere baliatzen du.
Horregatik, apoa hilko duen animaliarik ez zutela aurkitzen eta, Australiako Ikerketa Teknologiko eta Zientifikoko Zentroko zientzialariek birus batean jarri zituzten beren itxaropenak. Birus horrek Caracasko inguruetan apoei erasaten die. Beren asmoa, duela 60 urte apoa eraman zuten bezala, Australiara eramatea zen. Hala ere, beste hanka-sartzerik ez egiteko, Caracasera joan eta ikerketa zorrotzak egin zituzten. Orduan jabetu ziren, birusak Hego Amerikako apoari ez ezik, Australiako bertako beste apoei eta igelei ere erasango ziela. Gaur egun, Adelaidako Unibertsitateko ikerlariak beste proiektu batekin ari dira lanean, jadanik Karibeak, Hawai, Filipinak, Papua, Ginea Berria eta Pazifikoko beste isla batzuk inbaditzen ari den apoari aurre egiteko. Oraingoz, beraz, ez dago apoen hedadura gelditzeko inongo irtenbiderik, baina, hala ere, Kakadu parke nazionala babesteko, aborigenek inguru guztia hartuko lukeen burdinesia egitea proposatu dute. Adituen ustez, ez da batere irtenbide egokia, hamar kilometroko burdinesi horrek ez bailuke apoak parke naturalean sartzea galaraziko.
Ikusten denez, poluzio kimikoa bezain arriskutsua izan daiteke espezieak alde batetik bestera eramatea. Australia desoreka ekologikoaren lekuko izan da behin baino gehiagotan, baina gure inguruan ere, eragin izan dira gisa horretako hondamendiak. Hemendik aurrera, beraz, kontu izan zen animalia exotiko ekartzen den bidaietatik!
Australiako lautada mugagabeak
Australia munduko kontinenterik txikiena da (7,6 milioi km2), baina hala ere biologoentzat altxor asko ditu. 18,3 milioi biztanle besterik ez da bertan bizi eta ez da harritzekoa klima oso idorra baita. Australiako hamaika basamorturen artean azaleraren % 20 hartzen dute.
Erliebeari dagokionez, batez besteko altituderik txikiena duen kontinentea da; mendi altuena Kosciusko da (2.228 m). Gehien ikusten den paisai lautada zabal eta zaharra da eta, horregatik, Australian sartzen diren animalia berriek, bertako klimara egokitzen badira, ez dute aparteko trabarik izaten hedatzeko.
Klima idorra da, baina, hala ere, Australian era askotako paisaiak ikus daitezke; harrizko basamortuak, mendebaldeko eta erdialdeko goilautadak eta ekialdeko kostaldeko zelaiak esaterako.
Fauna eta flora askotarikoa duen kontinentea izanik, 58 milioi hektarea babestutako eskualdeak dira. Besteak beste, parke nazionalak, erreserbak, kontserbaziorako parkeak eta ingurugiroa babesteko parkeak daude. Behar-beharrezkoa da gisa horretako babestutako lekuak egotea, fauna eta flora askotarikoa izateaz gain oso zaharra ere badelako. Adibidez, Queesland eskualdean, munduko 19 landare-familia zaharrenetatik 13 aurki daitezke.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia