}

Bakarrik egon nahi ez izatearen ondorioak

2009/12/06 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Urriaren 25ean, gaueko bederatziak aldera, argi bizi batek zerua gurutzatu zuen. Halako batean, puntu argitsu bat atera zen argi handi hartatik, eta, azkenean, biak desagertu ziren horizontean. Edozeinek ikusi ahal izan zuen begi bistaz. "Objektu hegalari ezezagun bat ote zen?" galdera pasatuko zitzaion burutik fenomenoa ikusi zuen bati baino gehiagori.
O bjektu hegalari ezezagun bat izan zitekeen gauez ikusi zen argi bizi hura... bere behin betiko orbitara abiatu zen meteorologia-satelite bat eta haren suziria ziren, ordea (Argazkia: Mallorcako Astronomia Behatokia (OAM)).

Alabaina, fenomeno hark ez zuen berretsi objektu hegalari ezezagunen (OHE) presentzia. Mallorcako Astronomia Behatokiko kamerek grabatu zituzten irudiak, eta azalpen askoz mundutarragoa eman diote adituek han ikusitakoari.

Azaldu dutenez, hori guztia gertatu baino hiru ordu lehenago Kalifornian jaurti zuten Atlas V-401 suziriarekin lotuta zegoen fenomenoa. Suziri hark meteorologia-satelite bat jarri behar zuen orbitan Estatu Batuetako Indar Armatuentzat.

Bada, Lurraren inguruan bigarren orbita egin zuenean, satelitea suziritik banatu zen, bere behin betiko orbita hartzeko, eta suziria espazioko zaborra pilatzen den orbitarantz joan zen. Maniobra hartan, gainera, kanporatu egin ziren suziriari gelditzen zitzaizkion gasak eta erregaiak, atmosferan erre zitezen.

Eta horixe ikusi genuen guk: argi bizi handia erretzen ari ziren gasek eta erregaiek eratu zuten, eta argi handitik atera zen puntu argitsua, meteorologia-sateliteak.

Orokorrean, zientzialariek ez dituzte nahikoa ezagutzen eguzki-sistematik kanpoko planetak, eta ez dakite bizidunik izateko beharrezko ezaugarriak dituzten edo ez (Argazkia: NASA, ESA, A. Schaller).

Lurretik kanpo bizia bilatu nahian

Buruan sartuta dugu Lurretik kanpo bizidunek egon behar dutela, adimendunak izan behar dutela, eta gurekin harremanetan jarri nahi dutela. Eta temakeria horrek eramaten ditu hainbat edonon ikustera bizidun estralurtarren komunikazio-ahaleginak.

Oraingoz, ordea, ez da sekula frogatu horrelako ahaleginik egon denik estralurtar adimendunen aldetik. Ufologoentzat eta ufologozaleentzat utziko ditugu hortik aurrerako usteak eta sinesteak.

Lurretik kanpo bizitza aurkitzeko grina horrek, dena den, baditu jarraitzaileak benetako zientzialarien artean, alegia, astronomoen, astrobiologoen eta abarren artean. Hainbat saiakera egin dituzte, eta egiten jarraituko dute eguzki-sistemako planetetan, eta planeta batzuen ilargietan, bizidunen zantzuren bat bilatzeko. Oraingoz, ordea, alferrik izan dira guztiak.

Eguzki-sistematik kanpo ere joan dira astronomoak bizidunen bila. Horretarako, lehenengo lana balizko bizidunen bizitokiak aurkitzea da; alegia, beste planeta batzuk aurkitzea unibertsoan barna. Orain dela aste batzuk esan zuten 32 exoplaneta berri aurkitu dituztela astronomoek. Ez dira, dena den, ezagutzen dituzten bakarrak. Dagoeneko laurehun bat exoplaneta dituzte identifikatuta.

Europa, Jupiterren ilargietako bat, bizidunak izan litzakeen gorputz bat da. Zientzialariak gogo handiz aztertzen ari dira (Argazkia: Alemaniako Zentro Aeroespaziala (DLR).

Identifikatuta izateak, ordea, ez du esan nahi, inondik ere, behar bezala ezagutzen dituztenik haien ezaugarriak. Izan ere, askori eta askori —eta, besteak beste, azkeneko 32 horiei— zeharkako tekniken bitartez antzeman diete. Teknika horietako batean, adibidez, adituek jakiten dute izar jakin baten inguruan planeta bat biraka dabilela, planetaren grabitate-indarrak aldaketa txiki batzuk eragiten dizkiolako izarrari haren ibilbidean.

Beraz, exoplaneta askori buruz dakiten gauza bakarra da existitzen direla. Hortik aurrerakoa unibertsoa bera bezain iluna da. Eta, zer esanik ez, bizidunik ote duten edo ez...

Egia esan, edozeinentzat izango litzateke harrigarria, txundigarria eta aztoratzeko modukoa gure Lur honetatik kanpo bizidunak aurkitzea. Inoiz gertatuko den ere ez dakigu. Eta, aurkitu artean, buruan bueltaka izaten jarraituko dugu betiko galdera: Bakarrik ote gaude unibertsoan?

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia