Bakardadea kutsakorra da, edo izan daiteke
2009/12/19 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Psikologoentzat oso ikerketa-gai interesgarria da. Ikerketan parte hartu duen ikertzaileetako batek, esate baterako, hamar urte darama bakardadea ikertzen Chicago Unibertsitatean. Beste biak ere, Kalifornia Unibertsitatekoa bat eta Harvard Unibertsitatekoa bestea, adituak dira gai horretan.
Hirurek egindako ikerketan ikusi dutenez, bakarrik sentitzen diren pertsonak beren gizarte-sareko muturretara zokoratzen dira denbora aurrera joan ahala, eta gero eta jende gutxiagorekin dute harremana. Izan ere, ez dute konfiantzarik sentitzen gainerako pertsonekin, eta horrek zaildu egiten die lagun berriak egitea.
Gainera, joera dute haiekin harremanetan dauden gutxiekin jarrera lotsatia, urduria eta negatiboa izateko, eta, nahi gabe bada ere, lagun horiek ere gizarte-sarearen ertzera bultzatzen dituzte. Hala, pixkanaka, pertsona gutxi horiekin ere harremana galduz joaten dira, eta beste horiek ere bakartiago bihurtzen dira.
Bihotzeko gaixotasunak aztertzeko ikerketa batetik
"Nola irits daitezke ikertzaile batzuk horrelako baieztapenak egitera?" galde diezaioke batek bere buruari. Bada, hiru psikologoek ez dute egin berariaz hori ikertzeko azterketa bat. Aitzitik, Estatu Batuetako Framingham hirian 1948. urtetik hona egiten ari diren ikerketa batez baliatu dira.
Ikerketa abiatu zutenean, 1948an, helburua zen ikustea nola aldatzen den bihotzeko gaixotasunen bat izateko arriskua populazio jakin batean. Populazio gisa Massachusettsko Framingham hiriko biztanleak aukeratu zituzten. Hasiera batean 5.209 lagunek parte hartu zuten ikerketan. Denbora aurrera joan ahala, ordea, hasierako parte-hartzaileen ondorengoak ere sartzen joan dira ikerketan, eta dagoeneko 12.000 lagun inguru aztertzen dituzte.
Parte-hartzaileen kopurua handituz joan den bezala, haietan ikertzen diren gaixotasunak ere ugarituz joan dira. Populazio horretan oinarrituta, obesitateari, tabakismoari eta abarri buruzko ikerketak egin dira dagoeneko. Guztietan, aztertu dute nola hedatzen den populazio jakin batean aztergai duten ezaugarria, gaitza edo dena delakoa.
Horretarako, noski, bihotzeko gaixotasunekin lotutako parametroak ez ezik, bestelako neurketak eta galderak egiten dizkiete parte-hartzaileei. Bakardadearen hedapen-gaitasuna 1971. urtetik aurrera aztertu ahal izan dute, orduan hasi baitziren jendearen bakardade- eta depresio-mailaren berri jakiteko galderak egiten. Jendeari galdetzen diote, adibidez, zenbat aldiz sentitu den bakarrik aurreko astean. Gainera, badakite zenbat lagun dituen pertsona bakoitzak.
Informazio hori guztia oso baliagarria izan zaie ikertzaileei Framingham hiriko gizarte-sarea sortzeko, eta sare horretan pertsona bakoitza non dagoen ikusteko. Gainera, azkeneko berrogei urteetan aldian-aldian egin dituztenez galdetegiak, ikertzaileek ikusi ahal izan dute nondik nora mugitu den jendea gizarte-sarean. Eta horretan oinarrituta esan dituzte esandako guztiak.
Hala ere, pertsonek ez dituzte ezaugarri negatiboak bakarrik transmititzen, antza. Hain zuzen, urte honen hasieran argitaratu zen ikerketa batean ondorioztatu zuten zoriontasuna ere kutsakorra dela. Bitxiena da oraingo azterketan oinarri gisa erabilitako populazio horretan bertan oinarrituta egin zutela azterketa.
Ortzadar-e n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia