Badirudi hozten hasi duela...
2007/10/28 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Gehienek, bai, baina ez denek. Izan ere, denok ez dugu hotza modu berean sumatzen: pertsona batzuk oso hozberak dira, eta beste batzuk, berriz, beti bero daude. Hau da, batzuk dagoeneko hasiko ziren neguko arropa erabiltzen, eta beste batzuek, berriz, oraindik ez dute udakoa datorren urtera arte bildu.
Argi dago bero eta hotz terminoak oso erlatiboak direla, sentitzen duen pertsonaren eta egoeraren araberakoak dira. Haurrekin askotan egiten den esperimentu erraz batekin froga daiteke hori: har ditzagun hiru edukiontzi, eta bete ditzagun bat ur beroarekin, beste bat ur hotzarekin eta hirugarrena ur epelarekin. Esku bat ur berotan eta bestea ur hotzetan sartu, han denboralditxo batean eduki, eta, gero, bi eskuak batera ur epeletan sartzen baditugu, bi eskuekin ez dugu sentsazioa bera sumatuko; hain zuzen ere, ur hotzetik epelera pasatu den eskuak ura bero dagoela sumatuko du, eta ur berotik pasatu denak, berriz, hotz dagoela.
Kontua da bi tenperaturatan dauden bi gorputz (giza eskuaren eta uraren adibidea jarri dugu, baina beste edozein izan daiteke) elkarrekin kontaktuan jartzen direnean tenperatura altuena duenak beroa pasatzen diola hotzen dagoen gorputzari, bien tenperaturak berdindu arte.
Giza gorputza gai da tenperatura-aldaketa txikiak sumatzeko; suma dezake zerbait hotz edo bero dagoen bere tenperaturarekiko. Objektuek, hala ere, iruzur egin diezaiokete gure pertzepzioari. Gorputzaren tenperatura baino hotzago dagoen gela batean sartu eta mahai baten gainean dagoen metal bat eta egur-pusketa bat ukitzen baditugu, biak tenperatura berean egon arren, irudituko zaigu metala egurra baino hotzago dagoela. Metala eroale ona delako gertatzen da hori (tenperaturaren eroale ona da); hori dela eta, ukitzen duen eskuari beroa "lapurtzen" dio metalak, eta horrek metala hotz dagoen sentsazioa ematen digu. Egurra berriz, oso eroale txarra da, eta, eskuarekin ukitzean, askoz bero gutxiago "kentzen" digu; horregatik iruditzen zaigu beroago dagoela.
Kaleko tenperatura
Kalera ateratzen garenean, giro-tenperatura zein den ere suma dezakegu. Hori bai, guk sumatzen dugun tenperaturak ez du nahitez bat etorri beharrik benetan dagoen tenperaturarekin. Adibidez, haizeak eragin handia du gure pertzepzioan. Gorputzak inguruko aire-partikulak berotzen ditu, eta partikula horiek beroa ematen diote gorputzari. Haizea baldin badabil (betiere kaleko tenperatura gure gorputzarena baino hotzagoa denean), ordea, gorputzak berotutako aire-geruza hori desagertu egiten da, eta gorputzak une bakoitzean kontaktuan dituen aire-partikulak etengabe berotzen ibili behar du; noski, horrek hotz-sentsazioa eragiten dio. Zenbat eta handiagoa izan haizearen abiadura, orduan eta handiagoa izango da hotz-sentsazioa.
Ez dugu ahaztu behar, ordea, tenperaturak balio bakar bat duela aipatutako egoera bakoitzean, gure gorputzak sentitzen duena sentitzen duela. Inongo subjektibotasunik gabe zer tenperatura dagoen jakiteko, beraz, ez dugu balio. Horretarako asmatu zituen gizakiak termometroak, hain zuzen ere.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia