}

Badator lurrikara...

1996/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azkenean, lurrikaren aurretik ikusi ohi diren argi gorrixkei aurkitu zaie azalpenik. Lurrikaren inguruko kronikarik zaharrenetan ere aurki daitezke argi horien berri. Lurra dar-dar hasi baino minutu batzuk lehenago azaltzen omen dira distira horiek lekukoen arabera eta kolore gorria eta urdina hartzen omen du horizonteak. Minutu gutxiko iraupena izan ohi dute agerpen horiek eta hutsik egin gabe, lurraren dardara gertatzen da ondoren.

Lurrikarak gertatu baino minutu batzuk lehenago, horizontean distira gorri eta urdinak nagusitzen direla adierazi izan dute lekukoek. Orain, Hiroshimako ikerlari-talde batek fenomeno bitxi horren jatorria silizearen haustura dela iragarri du.

Lurrikarak iragartzen dituzten fenomeno horiek mugimendu bortitzak zatikatzen dituen harriekin omen dute zerikusia Hiroshimako Ikerketa Zentruko lan-taldearen iritziz. Zehatzago esanda, silizioaren konposatu oxigenatuekin edo silizearekin. Teoria horren arabera, lurraren astinduak material askoren haustura sortzen du eta horien artean, silizea. Hori gertatzean, silizeak argia igortzen duela behatzerik izan dute, fraktoluminiszentzia izeneko fenomenoa dela medio.

Hiroshimako ikerketa-zentruan hilabete asko eman dute silizearen ezaugarriak aztertzen; izan ere, fibra optikoaren industrian erabilpen handia izan dezakeela uste zuten ikerlariek eta, optika-arloa lantzen ari zirela, behatu zuten arestian azaldu dugun prozesua. Ezustean iritsi ziren beraz, lurrikarak iragartzen dituzten argi horien jatorria argitzera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia