}

Babuinoak badaki bere kumeak bereizten

2003/09/12 Elhuyar Zientzia

Babuinoak ez du DNA proba egin beharrik babuino-kumeak bereak diren ala ez bereizteko. Babuinoak promiskuoak dira, eta bai ar eta bai emeek hainbat bikoterekin izaten dituzte sexu-harremanak. Jakina, amak ez du arazorik izaten bere kumeak ezagutzeko, berak ekarri baititu mundura. Baina arrek ez dute horren lan erraza. Haziak han eta hemen 'erein' ondoren, eta eme bakoitzak hainbat arren haziak jaso dituela kontuan hartuta, inguruko kume guztiak izan daitezke bereak, ala batere ez. Ikertzaile-talde batek aurkikuntza harrigarria egin du ordea. Babuino arrek beren kumeak bereizteko gaitasuna dutela ikusi dute.

Duke, UCLA eta Princeton Unibertsitateetako ikertzaile-talde batek 30 urte daramatza Kenyan, Kilimanjaro mendiaren magalean, babuinoen jokabideak aztertzen. Azken hiru urteotan ar heldu eta babuino gaztetxoen arteko harremanetan jarri dute arreta. Babuino gazteak elkarren artean borroka-jolasean aritzen dira behin eta berriz, eta liskarrak maiz gertatzen dira. Liskar horietan bake-lanak egiten dituzte babuino arrek, baina ikertzaileek ikusi dutenez, beren ondorengotzat dutenaren alde egin ohi dute. Etxeko kumeak babestu eta norberarenak ez direnak uxatu egiten dituzte. DNA azterketak egin dituzte ikertzaileek eta babuinoek egindako hautaketekin bat etorri dira azterketak. Beren kumeak zein diren eta zein ez diren jakiteko ahalmena dute babuinoek.

Nola jakiten dute?

Nola konpontzen dira babuino arrak beren haziarekin sortutako kumeak bereizteko? Ikertzaileen ustez, babuino arrak kontuan izaten du zein eme eta noiz estali duen. Ugalkortasun-maila altuena duten 4-5 egunetan babuino emeek sexu-organoak puztuta izaten dituzte. Beraz, egun horietan emearekin harreman sexualak izan dituen ar bakarra izan bada, edo gutxienez maiztasun handienarekin estali duena izan bada, babuino arrak ondorioztatu dezake bera izango dela jaioko den kume berriaren aita.

Baina kontuak ez dira beti hain garbi ateratzen, eta zantzu guztien arabera kumearen aitatasuna oso zalantzazkoa den kasuetan ere, babuinoak ongi asmatzen du bere kumea hautatzen. Ikertzaileen ustez, kasu horietan babuinoak kumearen ezaugarriak hartzen ditu kontutan berea den ala ez erabakitzeko. Gizakion artean arruntak dira umeari gurasoen, anai-arreben edo hurbileko senideekin antzekotasun fisikoak aurkitzeko saiakerak. Horixe bera egiten du babuinoak. Ezaugarri fisikoez gain, usaina ere erabiltzen du kumeak bere antza duen ikusi, eta bere ondorengotzat har dezakeen erabakitzeko. Eta emaitza onak eskuratzen ditu. Babuinoak beren sexu-harremanen oroitzapenetan eta kumeen ezaugarri eta usainetan oinarrituta, gizakiak DNA azterketak erabiliz eskuratzen dituen emaitza berak lortzen ditu. Babuinoak ongi daki bere kumeak bereizten!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia