}

Babesle termikoak hobetzeko teknika berria

2001/07/07 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hegazkinen, turbinen eta osagai mikroelektroniko askoren osagaiek korrosioa, oxidazioa eta higadura jasan behar izaten dute. Horregatik, osagai horiek metalezko edo zeramikazko estalki babeslea izaten dute. Pennsylvaniako Estatuko Unibertsitateko ikertzaileen arabera, beraiek asmatutako teknika batek estalki horien ezaugarriak hobetzeko balio du.

Elektroi-izpietan oinarritutako teknikari EB-PVD izena jarri diote, eta ez du materialaren oinarrizko konposizio kimikoa aldatzen. Soil-soilik, eroankortasun termikoa txikitu eta tenperatura altuetan korrosioa eta oxidazioa jasateko ahalmena handitu egiten du. Egindako lehenengo ereduak elektroi-izpiak igortzen dituzten sei kanoi ditu, guztiak hutsa egin den ganbara batean kokatuak. Lehenengo lau izpiak material babeslea lurruntzeko erabiltzen dira eta beste biak pieza berotu eta, hartara, atxikimendu-ahalmena handitzeko.

Babeslea lurruntzen denean, babestu beharreko pieza, mekanismo baten bidez, lurrunez osatutako lainora mugitzen da, uniformeki estal dadin. Gainera, nahi izanez gero, material babesle bi edo gehiago nahas daitezke aldi berean. Ikertzaileen esanean, teknika horrekin babestutako materialen bizitza % 12 inguru luza daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia