B-15 icebergak Antartikako bizidunen elika-katean duen eragina
2002/04/24 Elhuyar Zientzia

Martxoan Antartikako Ross itsasoan askatu zen icebergak bertan bizi diren izakien elika-katean duen eragina neurtu da.
Zientzialariek B-15 deitutako icebergak itsasoko fitoplankton-kantitatean izan duen eragina neurtu eta lehen emaitzak lortu dituzte. Dirudienez, 2000-2001 urteekin konparatuz, % 40 jaitsi da aurten fitoplankton-kantitatea.
Fitoplanktona itsasoan flotatzen duten alga zelulabakarren multzoa da. Itsasoko elika-katearen oinarria da, eta, beraz, bertako izaki bizidunentzat garrantzi handia du.
Dirudienez, B-15ak, duen tamaina dela eta, askatzen diren beste izotz-zati txikiagoen mugimendua eragotzi du: Ross itsasotik ateratzeko bidea itxi die eta normala dena baino izotz gehiago geratu da mugitu ezinik. Horren ondorioz, gainazala normalean baino estaliago dago, eta fitoplanktona hazteko beharrezkoa den argi-kantitatea baino gutxiago sartzen da uretara.
B-15 iceberga egongo ez balitz, haizeak Ross itsasoko izotz-zatiak itsaso zabalera bidaliko lituzke. Horrela, fitoplanktonak hazteko behar adina argi lortu, eta garai honetan normala den hazkuntza izango luke.
Kontuan hartzekoa da, gainera, mundu osoan dauden pinguino erregeen % 22 eta Adelieko pinguinoen % 30 bizi dela Ross itsasoaren inguruan.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia