}

Azoka hutsa baino gehiago

1995/10/01 BIOLUR elkartea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Irailaren 10ean Zerainen ospatu zen “Nekazaritza Biologikoaren I. Azoka”. Biolur Elkarteak eta Zeraingo herriak antolatu zuten egunpasa atsegina elkarlanean. Zuetariko baten bati agian ondorengo galdera etorriko zaio burura: beste azoka bat gehiago? Ez horixe! Ekitaldi horren helburua nekazaritza eta ganaderitza biologikoen hastapenak ezagutzera ematea baitzen. Beraz, lehen-lehenik nekazaritza biologikoa zer den eta zertan datzan azaltzea komeni da.

Janariak erosterakoan bi irizpide nagusi erabiltzen ditugu sal-erosketarako ohituren arabera: itxura eta prezioa. Horrek, beste zenbait interes ekonomikoren artean, nekazaritza berezi baten garapena eta ondoriozko nagusitasuna eragin du: nekazaritza komentzionala edo kimikoa. Nekazariak ongarri kimikoez baliatzen dira bere helburuak betetzeko; landare handia lortzen du, baina ahul hazten da eta bere ahulezian babesteko, onddo, zomorro edo belar hilkariak erabili behar ditu. Egia da bestalde, epe motzean gehiago produzitzen duela eta itxura hobeaz gainera, baina bidean neurtzen zailagoak diren galerak gertatzen dira.

Esate baterako, lurra erretzen da, elikagaien kalitatea gutxiagotzen du eta gai toxikoak zabaltzen ditu. Horrez landa, energia xahutu egiten du eta tokiko espezie eta arraza asko desagertzea eragiten du, zorioneko hibridoen mesedetan. Zalantzarik gabe, nekazaritza kimiko hori gure gizarte kontsumistaren ereduak jarraituz sortu da, gizaki eta lurraren osasuna jaten ari da eta ordainez itxura eta kantitatea besterik ez du eskaintzen.

Horren aurrean, Europan zehar mende honen hasieratik benetako nekazaritzaren aldeko elkarteak indartzen ari dira. Nagusiki azken 10 urteotan hedatu da nekazaritza-mota hori: nekazaritza biologikoa edo ekologikoa. Lurraren emankortasuna eta naturaren oreka errespetatuz, elikagai osasungarriak eskaintzea da bere helburua hitz lauz adierazita.

Horri guztiari bultzada bat emateko, Euskal Herriko herrialdeak ere elkartu egin gara eta Gipuzkoan BIOLUR Elkartea sortu dugu. Elkarte honetan baserritar, teknikari eta kontsumitzaileak bat eginik, nekazaritza komentzionalaren alternatiba lantzen eta zabaltzen ahalegintzen gara. Baserritar guztiei eskaintzen diegu aukera eta kontsumitzaileei behar duten informazioa.

Etorkizuna gu guztion, bakoitzaren esku dagoela uste dugu eta BIOLUR bide horretan lan-tresna bat da, Zabalegi eskolan antolatzen ditugun hitzaldi-ikastaroez eta aldizkariaren hedapenaz lagundurik.

Elkarlan horretan interesatuta zaudetenoi gu aurkitzea ez zaizue batere zaila gertatuko. Zabalegi Nekazal Eskolan edo BIOLUR aldizkariaren egoitzan gauzkazue nekazaritza biologiko eta ekologikoari buruzko xehetasunak emateko eta zuen lankidetza gogoz hartzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia