Azken 40 urteotako klima-datuak sarean
2009/04/01 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Izan ere, mundu mailako modeloak ehun kilometroko aldea duten lur-eremuak aztertzen ditu; hau da, azterketarako eremu txikienak hamar mila kilometro karratuko azalera du. Eolo taldea eskala txikiko modelo bat garatzen ari da. Eskala handiko modelotik abiatu, eta azterketarako eremua txikitu dute. Azterketarako eremu txikienak 225 kilometro karratuko azalera du. Horrek, noski, datu-kantitate handiagoa biltzea eskatzen du, baina informazio hobea eta zehatzagoa ematen du.
Lan hori egiteko, Eguraldiaren Epe Ertaineko Iragarpenetarako Zentro Europarrak (ECMWF) osatutako datu-basetik hartzen dituzte beharrezko datuak. Datu-banku horretan, mundu osoko klima-behatoki guztietan lortutako datuak biltzen dira.
Datu guztiak bilduta eta eskala txikiko modeloa garatuta, azken 40 urteetako klima-datu zehatzak jaso ahal izango dituzte. Hasieran, Bizkaiko Golkora mugatu zuten lana, eta, gaur egun, Europako mendebaldea kontuan hartzen duen eremura hedatu dute modeloa.
Modeloaren zehaztasunak
Modeloa sare laukidun baten arabera osatua dago. Lauki bakoitzak 15x15 kilometroko azalera hartzen du, eta laukien erpinak dira erreferentzia- puntuak. Hala, Iberiar penintsularen kasuan, adibidez, 2.500 erreferentzia-puntu baino gehiago lortzen dira --eskala handiko modeloak 30 puntu inguru ematen ditu--.
Ikerketaren hasieran, Eolo taldeak eskala handiko modeloak erabili zituen oinarri gisa. Modelo horrek eskala txikikoari informazioa ematen dio, baina haren sarearen laukiak askoz handiagoak dira, eta ez du modelo txikiaren sarearen barneko informaziorik. Horregatik, simulazio bidez ematen ditu datu horiek. Baina, simulazio bidez, eskala txikiko hainbat fenomeno ez dira ongi deskribatzen.
Iraganeko fenomenoen azterketa
Azken 40 urteetako klima-simulazioak egin ahal izatea oso erabilgarria da, bai pasatako fenomenoei azalpena emateko, bai etorriko direnak aurreikusteko. Hala, pasatutako gertakizun klimatologiko jakin baten inguruan gertatutako fenomenoak azter daitezke. Adibidez, 1983ko uholdeen aurretik gertatutako fenomenoak ongi ezagututa, posible litzateke etorkizunean antzeko gertakariak aurreikustea.
Ikerketa horretan Eolo taldeak garatutako modeloarekin lortutako datu guztiak ECMWFren datu-basean sartzen dituzte, hura osatzeko. Gainera, Eolo taldearen helburua da ikerketa amaitutakoan datu guztiak sarean jartzea, guztion eskura. Hala, bai ikertzaileek, bai klimarekin erlazionatuta dauden industria eta jarduerek informazio hori erabili ahal izango dute, eguzki-panelen edo aerosorgailuen kokaleku aproposa aukeratzeko --gune jakin bateko haizearen indarrak edo intsolazio orduak jakin ahal izateko--, edo nekazaritza-jardueretarako, adibidez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia