}

Azaleko orinak eta zahartzea lotuta egon litezke

2007/07/12 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Londresko King’s College zentroko biokimikari batzuek azaleko orinak aztertu dituzte, zelulen zahartze-prozesuaren ikuspuntutik. Gakoa orinak osatzen dituzten zelula pigmentudunen barruan dago, kromosometan.

Zahartu ahala, zelulak bere burua kopiatzen duen bakoitzean alegia, kromosomek muturreko egitura baten puska txiki bat galtzen dute. Horregatik, egitura horiek, telomeroak, zahartze-prozesuaren adierazleak dira; oro har, zenbat eta telomero luzeagoak izan, orduan eta zelula gazteagoa da.

Bada, Londresko biokimikariek aurkitu dute gorputzeko orinen kopurua eta telomeroen luzera lotuta daudela. Orin asko —100 baino gehiago— dituztenen telomeroak luzeagoak dira orin gutxi —25 baino gutxiago— dituztenenak baino. Ikerketaren arabera, orin-kopurua zahartze-mailaren adierazle bat izan daiteke. Ustez, zenbat eta orin gehiago izan, orduan eta atzeratuago dago zahartzea. Beste alde batetik, medikuek gogorarazi nahi dute azaleko minbizia garatzeko arrisku handiagoa dutela pertsona horiek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia