
Esfera-formako fruitu eta barazkiek, hala nola kalabazek eta tomateek, hainbat okerdura izaten dituzte, lakainak direla, irtenguneak direla eta abar. Itxura hori, ordea, ez dute zoriz hartzen. New Yorkeko Columbia Unibertsitateko talde batek hainbat fruituren itxura eta itxura hori hartzeko jarraitutako okertze-eredua ikertu ditu, eta ondorioztatu du fruituen hiru ezaugarrik baldintzatzen dutela okerdura-mota: fruituaren azalak zabalerarekiko duen lodierak, fruituaren azalaren eta mamiaren gogortasunen arteko aldeak eta fruitu esferoidearen formak. Hala, ez dute itxura bera hartzerik fruitu luzanga batek eta muturretan zapalduta dagoen batek, ezta azalaren lodiera desberdina eta antzeko esfera-forma duten bi fruituk ere.
Irudia: C. Breeze
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.