}

Autopistan bidesaria ordaintzeko geratu beharrik ez

1990/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urte hasieraz gero Paris eta Normandia arteko autopistan, automobila geratu gabe ordaindu ahal izango da bidesaria. Auto-gidariak bidea estuagoa delako ibilgailua zerbait frenatuko du, baina gainerakoan diru-bila eskua patrikara sartu beharrik ez du izango eta bere abiaduragatik alarma ez da jotzen hasiko.

Gidari arruntek, automobila geratu eta dirua edo bankuko txartel magnetikoa atera beharko dute. Han egongo dira txanda iritsi zain, beste gidari pribilegiatuak txistu batean inoren zain egon gabe aurrera doazela ikusiz.

Gidari pribilegiatuak, abonatuen artean aukeratutako 10.000 pertsona dira. Hauek ere beren bidesaria ordainduko dute, noski, baina beste era batera. Beren automobila igarotzen denean, antena batek (irudian beltzez dagoenak) automobilaren aurreko beiran (barrenean eta ezkerretara) itsatsitako txartel magnetikoa detektatzen du. Txartel magnetiko bakoitzak bere automobilari dagozkion datuak ditu eta detektatzen duen antenak informatika-zentralera igortzen ditu gero handik jabeari faktura bidaltzen diotelarik.

Sistema honen antzekoa ipini nahi da Lyon-en ere. Automobilak itsatsita edukiko duen txartela zerbait desberdina izango da. Frantziako telefonorako txarteletan bezalaxe, iraganaldi bakoitzean deskontatu egingo zaio kantitate bat, azkenean txartela agortuta geldituko delarik. Txartela agortzen denean, berriz ere kargatu ahal izango da.

Bigarren sistema honetan, automobil-gidaria ez da identifikatzen eta norberaren bizitza pribatua ezkutuan mantentzeko hobea dela dirudi.

Automobila gelditu gabe bidesaria ordaintzeko sistema hauen helburua, autopistetan gertatzen diren ibilgailu-pilaketak desagerteraztea da. Norvegia, Holanda, eta abarretan ere ari dira ordaintzeko era hauek ezarri nahian. Dena dela, Europako Batzordeak 1992.erako Europa osoan balio dezan Pamela izeneko proiektua burutu du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia