Autoak, mila milioitik gora 2050ean
2007/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lur Sistemaren Zientzia Elkarteak (ESSP) egin duen azkeneko batzarrean, ekonomia-azterketa baten emaitza aurkeztu dute: auto pribatuen kopurua 600 milioitik 1.400 eta 2.700 milioi bitartera igoko da 2050erako. Horrekin lotuta egin duten aurreikuspenak dio karbono dioxido kantitate bikoitza edo laukoitza isuriko dela.
Gaur egun, joera nagusia da auto pribatuak erabiltzea; garraiobide erabiliena da. Jendeak gero eta auto gehiago erosten ditu, eta joera hori zabaltzen ari da, Asiara bereziki. Asian, petroliotik eratorritako produktuak gero eta gehiago bideratzen dira autoak hornitzera.
Garraioak erabiltzen du nagusiki erregai fosila, eta etorkizunean ere horrela izango dela uste dute. Horrek adierazten du garraiorako energia-iturri berriak garatzea beharrezkoa dela. Zorionez, ikertzen eta garatzen ari dira bioerregaiak nahiz hidrogenoa erabiltzen dituzten autoak edota auto elektrikoak. Ikerketa horiek aurrera jarraitzea premiazkoa da ahal den neurrian hainbeste karbono dioxido isurtzea saihesteko.