Orain arte autismoa gizonezkoetan ohikoagoa zela uste bazen ere, Suedian egin duten ikerketa batek erakutsi dut parekoa dela emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Mutiletan lehenago diagnostikatzen da, baina adinean aurrera egin ahala berdindu egiten da sexuen arteko proportzioa.
Orain gutxi arte gizonezkoen eta emakumezkoen proportzioa 4:1ekoa zela jotzen zen, eta azken datuen arabera, 3:1ekoa izan zitekeela uste zen. Ikerketan honetan, Suedian 1985 eta 2020 artean jaiotako 2,7 milioi pertsona baino gehiagoren datuak aztertu dituzte; jaiotzen zirenetik 37 urte bete artekoak. Horien artean 78.000 pertsonari baino gehiagori diagnostikatu zitzaien autismoa. Ikusi mutilei 10-14 urte dituztenean diagnostikatu ohi zaiela, neskei baino bost urte lehenago. Hamar urtetik beherako haurretan, autismoa diagnostikatzen zaien mutilak hiru aldiz gehiago dira neskak baino. 20 urterekin, ordea parekatu egiten da ratioa.
Emaitza horiek bat datoz azken urteetan beste ikerketa batzuetan topatu diren ebidentziekin. Izan ere, ebidentzia horiek erakusten dute emakumezkoetan gutxiegi diagnostikatua zegoela autismoa, batez ere, haur eta nerabeetan. “Autismoa duen neska eta emakume adimentsu asko dago, haurtzaroan ez direnak identifikatzen”, azaldu zuen Joaquin Fuentes Biggi psikiatrak Elhuyar aldizkarian, “Autismoak” erreportajean. “Gizartekoiagoak izaten dira, eta imitazioz kamuflatzen dira. Horrek tentsio handia eta sufrimendu nabarmena eragiten die, eta askotan gaizki diagnostikatzen zaie; esaterako, arreta faltaren nahasmendu gisa edo soilik antsietate gisa”.
Beste arrazoi bat ere eman zuen, Amaia Lopetegui Labayen Gautenako zuzendariak: “Proba diagnostikoek isuri maskulinoa duten ebidentzia ugari dago. Ez da kontuan hartzen neskek eta emakumeek beste era batera adierazi edo ezkutatu dezaketela autismoa, eta, beraz, haien diagnostikoa isuri hori duten irizpideetatik kanpo geratzen da”.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia




